DONOSTIA 21 May. (EUROPA PRESS) -
Realak astearte honetan jakinarazi du ofizialki Philippe Montanier entrenatzaile frantsesak taldea utziko duela denboraldia bukatzen denean, kontratua berritzeko taldeak aurkeztutako eskaintzari uko egin ondoren.
"Philippe Montanier lehen taldeko entrenatzaileak Realari jakinarazi dio ez duela kontratua berritzeko eskaintza onartzen eta, beraz, ez du taldean jarraituko 2012-13 denboraldia amaitzen denean, kontratua bukatzen zaionean", dio Realaren oharrak.
Gainera, taldea oraindik Ligako laugarren postua lortzeko borrokan dagoenez, lehiaketan buru-belarri jarraituko duela eta gai honetaz hitz egiteko gelditzen diren bi partidak jokatu arte itxarongo duela gaineratu du.
Philippe Montanier 2011ko udan heldu zen Donostiara, eta lehen denboraldi horretan taldeak lehen mailan jarraitzea lortu zuen. Orain, laugarren postua eta, beraz, datorren denboraldian Champions League txapelketa jokatzeko borrokan murgilduta dago.
Frantziako hedabideen arabera, Montanierrek Rennes taldea entrena dezake datorren denboraldian, François Pinault aberatsa Paris Saint-Germain egungo liga txapeldunari aurre egiteko talde sendoa osatzeko asmotan baitabil.