Red Bull Cliff Diving World Series lehiaketak aldaketak eragingo ditu Bilboko Salbe zubiko eta inguruko zirkulazioan

Actualizado: miércoles, 17 septiembre 2014 8:52

BILBO, 17 Sep. (EUROPA PRESS) -

Red Bull Cliff Diving World Series lehiaketako azkenaurreko probak zirkulazio etenaldiak eta aldaketak eragingo ditu Bilboko Salbe zubian. Lehiaketak eragina izango du ibilgailu partikularren zirkulazioan eta bidaiarien garraio publikoan. Nazioarteko probak munduko jauzilaririk onenak bilduko ditu Bizkaiko hiriburuan, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Zirkulazio murrizketarik handienak entrenamenduak eta proba egin bitartean izango dira, eta Salbe zubia erabat itxita egongo da ordutegi hauetan: ostegunean, irailaren 18an (entrenamenduak), 11:30etik 15:30era; ostiralean, hiilaren 19an (entrenamenduak), 13:00etatik 16:00etara; eta larunbatean, irailaren 20an (proba), 13:30etik 17:00etara.

Zubia itxita dagoenean, Rekalde zumarkalea, Moyua plazatik Mazarredo zumarkalerainoko zatian (Salberako norabidean) zabalik egongo da garraio publikoarentzat, baina batzuetan baliteke garraio publikoko zerbitzuak berandu samar ibiltzea. Bilbora sartzeko edo Bilbotik irteteko, Salbe zubia erabili beharrean, ibilgailu partikularrek Deustuko zubitik eta Ugaskoko tuneletatik zirkulatu beharko dute.

Zubian jarritako instalazioak kentzeko lanak larunbat gauean eta igande goizaldean egitea aurreikusi da, eta zirkulazioan eragindako azken aldaketak orduan izango dira. Horrela, larunbat gaueko 22:00etatik igande goizeko 05:00etara bitartean, Bilbora Salbe zubitik sartzeko bidea itxita egongo da zirkulaziorako, eta horrek eragina izango du batez ere Txorierritik Bilbora sartzeko bide hori erabiltzen duten ibilgailuetan. Bilboren erdialdetik Maurice Ravel etorbiderantz eta Txorierrirantz joateko Salbe zubia zabalik egongo da.

Halaber, zubia itxita dagoen bitartean, Unibertsitateen etorbidearen aldeko igogailua proban parte hartuko dutenentzat zerbitzutik kanpo geratuko da. Beste igogailuan ez da eraginik izango eta beti bezala funtzionatuko du.

Gainera, Salbe zubian, Unibertsitateen etorbidearen aldean dagoen espaloia itxita egongo da oinezkoentzat astelehen goizeko 10:00etatik igande goizeko 05:00ak arte, eta oinezkoek, beraz, zubiaren beste aldeko espaloitik ibili beharko dute.

Azkenik, larunbatean, lehiaketa jokatzen den bitartean, Unibertsitateen etorbideko bidegorria ere itxita egongo da, antolatzaileak eta ikusleak bertan egon ahal izateko.