Renove Makineria Industriala Programak bederatzi milioi euro banatuko ditu laguntzatan

Makina industrialak berritzeko programa abian
IREKIA
Actualizado: jueves, 29 junio 2017 11:55

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak Renove Makineria Industriala Programa ireki du, "euskal industriaren produktibitatea, segurtasuna eta lehiakortasuna hobetzeko apustua". Programak bederatzi milioi euroko zuzkidura du 2017rako, aurreko edizioetan baino milioi bat gehiago. Laguntza lortzeko eskaerak aurkezteko epea ostiralean zabalduko da www.spri.eus web orrian, eta urriaren 31n itxiko da, edo lehenago aurrekontua agortzen bada.

Renove Makineria Industriala Programa 2014an jarri zen martxan, eta 891 euskal enpresak jaso dituzte diru laguntzak (2014an 420k, 2015ean 271k eta 2016an 200ek), eta eragindako inbertsioa 320,83 milioi euro izan da hiru ekitaldiotan (2014an 107,7 milioi, 2015ean 82,9 milioi eta 2016an 130,23 milioi).

Programa Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sustatzen du eta SPRI Taldeak kudeatzen du. Sektorearekin batera diseinatu eta baloratutako programa bat da, eta helburutzat dauka enpresetako aktiboen zati bat berritzea eta makinak puntuan jartzea ikuspegi guztietatik, betiere produktibitatea hobetuz eta pertsonen segurtasuna zainduz. Programa bereziki zuzendurik dago makinak berritzeko premia duten ETEei, berritze eta modernizazio prozesuei ekin diezaieten.

Arduradunek azaldu dutenez, Renove programa honen helburu nagusia euskal enpresen lehiakortasuna bultzatzea da, eta horretarako, industria enpresen produkzio ekipamenduak modernizatzen dira eta lan arloko segurtasun eta osasun arauetara egokitzen dira, makina berriak erosiz, enpresen produktibitatea hobetzen laguntzeko.

SEGURTASUNA

Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Erakundeak, erakunde laguntzaile den aldetik, lan esparruko segurtasun eta osasun agiriak eta dagokion dokumentazio teknikoa aztertzen ditu. Horrez gain, makinak ikuskatzen ditu. Gero, txosten bat igortzen dio SPRIri, eta bertan, ikuskapena egiaztatzeaz gain, segurtasun baldintzak betetzen diren ala ez adierazten du.

Makina berriak 30.000 euro balio behar du gutxienez (BEZ kontuan izan gabe). Erosketa kontzeptuan egiaztatutako gastuaren %15eko diru laguntza emango da; gehienez ere 70.000 euro emango dira erositako makina bakoitzeko, eta 100.000 euro enpresa bakoitzeko (diru laguntza erosketa bat baino gehiagorentzat den kasuetan).

Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen makinak: produktuak eta materialak ontziratzeko eta paketatzeko, osagarriak muntatzeko, lehengaiak eta erdilandutako produktuak eraldatzeko, metrologiarako, eta enpresa eskatzailearen ustiapen ekonomikoko produkzio prozesuetan erabilera automatikoa egiteko erabiltzen diren makina berriak.