Renove planek 2,9 milioi zuzenduko dituzte etxeetako isolamendu termikoa hobetu eta etxetresna elektrikoak ordezkatzera

Etxetresna elektrikoen renove plana ere abian
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 2 octubre 2014 13:14
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) leihoen eta etxetresna elektrikoen renove planak abiarazi ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 2.000 etxebizitzaren isolamendu termikoa hobetzea eta 12.000 etxetresna elektriko baino gehiago ordezkatzea ahalbidetuko dute. Guztira 2,9 milioi euroko aurrekontua duten plan horiek etxebizitzetan energia kontsumoa gutxitzea dute helburu, eraginkortasun handiko sistemen ezarpenaren bitartez.

   Joan den uztailean egindako prentsaurrekoan iragarri bezala, etxeko ekipamendua ordezkatzeko renove planak ostegun honetan abiarazi dira. Leihoen renove planak 1,5 milioi euroko aurrekontua du; etxetresna elektrikoarenak, berriz, 1,4 milioi eurokoa. Bi plan horiek azaroaren 30era arte, edo aurrekontuak amaitu arte egongo dira indarrean.

   Leihoen renove planari dagokionez, ohiko etxebizitzetan leihoen ordezkapena sustatu nahi du, isolamendu hobea ematen duten leihoen erabilera bultzatuz. Hartara, berokuntzan energia aurreztea lortuko da. Planaz baliatzeko, leiho berriek ezaugarri tekniko jakin batzuk eduki behar dituzte, hala nola CEren marka izatea, beira bikoitza edukitzea, isolamendu termiko sendoa duten beirak. Gainera, berotutako leku edo gune bateko eta kanpo aldetik aldentzeko erabiltzen diren leiho edo ate-leihoak izatea ezinbestekoa baldintza da diru laguntza eskuratzeko.

   Leihoak ordezkatzeko egiten den inbertsioaren %22 da EEEk ematen duen gehieneko diru laguntza. Inbertsio horren barruan sartzen dira markoa, beirak, pertsiana kutxa eta arotziari lotutako kostuak. Etxebizitza eta onuradun bakoitzeko ematen duen gehieneko diru laguntza 1.000 eurokoa da, eta ezin da gainditu inola ere kantitate hori.

   Diru laguntzez baliatzeko, leihoen ordezkapenak 2014ko urtarrilaren 1etik plana amaitu bitartean egin beharko dira. Aurtengo leihoen renove planari esker, 2.000 etxebizitzen energia eraginkortasuna hobetuko da, 870 tep (tona petrolio baliokide) aurreztea ekarriko duena, urtean 3.200 etxebizitzak berokuntzan kontsumitzen duten energiaren baliokidea dena.

ETXETRESNA ELEKTRIKOAK

   Bestalde, etxetresna elektrikoen renove planari dagokionez, linea zuriko etxetresnen ordezkapena sustatu nahi da, zehazki, A++ edo A+++ energia kalifikazioa edo energia eraginkortasun handiagoa duten hozkailuak, izozkailuak, garbigailuak eta ontzi-garbigailuak erosteko diru laguntza emango da.

   Azken batean, etxebizitzetan erabiltzen diren etxetresna elektrikoen energia eraginkortasuna hobetu nahi da planaren bidez, etxetresna zaharren ordez, energia gutxiago kontsumitzen duten tresnen erabilera sustatuz.

   Kasu honetan, etxetresna erosten den saltokian bertan eta erosketa unean bideratzen edo gauzatzen da diru laguntza. Gainera, saltokikoak arduratzen dira etxetresna zaharra etxetik erretiratzeaz eta baimendutako kudeatzaile bati eramateaz, etxetresna modu egokian birziklatzeko.