Rising Circus eta Musikene Big Band taldeekin hasiko da gaur BBK Jazz V. Erakusketa

Rising Circus eta Musikene Big Band taldeek hasiko dute erakusketa
BBK
Actualizado: jueves, 27 noviembre 2014 10:33

BILBO, 27 Nov. (EUROPA PRESS) -

Jazz musikaren zaleek hitzordua dute Bilbon gaurtik larunbatera bitartean, BBK-k eta Bilbaína Jazz Club elkarteak antolatzen duten BBK Jazz Erakusketaren bosgarren edizioan. Zehazki, Rising Circus eta Musikene Big Band taldeek ekingo diote zikloari gaur bertan, eta larunbatera arte, Raul Vera Group, Iñaki Arakistain Jazz Funk Project, Alberto Arteta Group eta Juan Sebastián 4tet taldeak ere arituko dira Bilboko BBK Aretoan.

Parte hartzaile guztiak urtean zehar izan duten musika ibilbidearengatik aukeratu dira, eta aurtengo edizioan iazko BBK Jazz lehiaketako irabazleetako bat ere izango da: Alberto Arteta Group. Sariak larunbatean emango zaizkie artista eta talde irabazleei jaialdiaren hainbat kategoriatan.

Zehazki, antolatzaileek jakinarazi dutenez, sariak kategoria hauetan ematen dira: Instrumentistarik Onena; Diskorik Onena; Impulso saria (nabarmentzen ari den baina diskorik argitaratzeko aukerarik izan ez duen proiektu bat saritzen da); eta Epaimahaiaren Sari Berezia.

Sarrerei dagokienez, egun bateko kontzertuetara joateko (egunean bi kontzertu) bederatzi euro ordaindu behar dira, %20 beherapenarekin Kutxabank txartelak erabilita erosten badira (gehienez bi sarrera txartel bakoitzeko). Hiru egunetarako bonuak ere eskura daitezke 20 euroko salneurrian. Bonu hau BBK Aretoko leihatilan bakarrik erosi dezakete Kutxabank txartelen titularrek eta Bilbaína Jazz Club elkarteko bazkideek.