Roberto Gonzalez de Viñaspre eta Miriam Urkia, Euskaltzaindiaren Arabako eta Gipuzkoako ordezkari berriak

Miriam Urkia Gipuzkoako ordezkari berria izango da
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: jueves, 6 julio 2017 12:46

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak 2017-2021 aldirako organigrama eguneratu du eta, besteak beste, Arabako eta Gipuzkoako ordezkari berriak izendatu ditu. Horrela, aurrerantzean, Roberto Gonzalo de Viñaspre izango da Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria, eta Miriam Urkiak izango du zeregin hori Gipuzkoan. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ordezkariak ez dira aldatu eta Andres Iñigok eta Xarles Videgainek zeregin horiek betetzen jarraituko dute, hurrenez hurren.

Akademiak jakinarazi duenez, barne jardunaldiak amaitu ostean, eta lau urtean behin egiten den moduan, finkatuta geratu da Euskaltzaindiaren 2017-2021 aldirako Organigrama Akademiko berria. Gainera, lau urtetarako atal ezberdinetako helburuak eta jarraibideak ezarri eta Euskaltzaindia 2021 Plan Estrategikoan jaso dira.

Euskaltzaindiak gogoratu du denbora tarte honek bete-betean hartzen duela erakundearen mendeurrena (2018-2019), eta Akademiak bere egitura berritu eta sendotu nahi izan du, data esanguratsu honi begira.

Honela, berritu dira lurralde ordezkariak Araban eta Gipuzkoan. Aurrerantzean, Roberto Gonzalo de Viñaspre izango da Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria, eta, aldiz, Miriam Urkiak izango du zeregin hori Gipuzkoan. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ordezkariak ez dira aldatu; Andres Iñigok eta Xarles Videgainek jarraituko dute kargu horietan.

Gainera, eta mendeurrenari begira, batzorde suntsikor bat eratu du Akademiak. Batzordearen helburua izango da mendeurrenean egingo diren ekitaldiak eta egitasmoak sustatzea eta koordinatzea.

Beste berrikuntza bat ere badakar organigramak, Akademiak erabaki baitu bere garaian zuen Lege Batzordea berriro eratzea. Aldaketaren xede nagusia da Euskaltzaindia XXI. mendearen eskakizunetara eta euskal hiztunen beharretara egokitzea, bere funtzionamendua hobetuz eta euskararen lurralde guztietan gizarteari egiten dion ekarpena indartuz eta areagotuz.