Rosa Regas eta Jordi Esteva izango dira gaur Bilboko "Eztabaidak literaturarekin" ekimenean

Actualizado: martes, 4 octubre 2011 12:42

BILBO, 4 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren "Eztabaidak literaturarekin" jende aurreko elkarrizketaren bitartez literaturako zenbait irudirengana hurbiltzea proposatzen duen ekimenak Rosa Regas eta Jordi Esteva idazle katalanak aurkeztuko ditu gaur, urriaren 4an. Idazle izateaz gain bidaiari handi direnen literatura-lanari buruz hitz egingo dute.

Antolatzaileek adierazi dutenez, elkarrizketak hilero burutzen dira, asteartez, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Espezializatutako kazetari bat ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa aritzen da, eta oraingoan, topaketaren moderatzailea Jon Arretxe bidaiari eta idazlea izango da.

Hilabete honetan, "Eztabaidak literaturarekin" ekimena, bidaiatzeko esperientzia pertsonalari eta bidaia horiek literatura-lan batean duten eraginari buruzkoa izango da. Gonbidatutako egileek, beste gai batzuen artean, bidaia, idazteko inspirazio iturri ala kontakizuna aberasteko bidea den, bidaiei buruzko literatura, bidaia bera kontatzen duena edo urruneko errealitatea islatzen duena den azalduko dute. Jon Arretxek 20 bat liburu idatzi ditu, eta horietako asko, mundu osoan egin dituen bidaietan bizi izandako esperientzia berezietan oinarritzen dira eta esperientzia horiek islatzen dituzte.

Rosa Regas (Bartzelona, 1933) oso ezaguna da, idazle eta editore gisa egin duen literatura-lanarengatik eta baita Espainiako Liburutegi Nazionaleko presidente izateagatik. Literaturari dagokionez, Regasek eleberriak zein saiakera liburuak argitaratu ditu. Lehen lana 1987an argitaratu zuen, eta Geneva hiriari buruzko liburu bat izan zen. 1991n bere lehen eleberria argitaratu zuen, "Memoria de Almator", baina irakurle gehienek 1994an ezagutu zuten, "Azul" lanarekin Nadal Saria irabazi zuenean. Ezaguna izateko azken bultzada 2001ean jaso zuen, "La canción de Dorotea" lanarekin Planeta Saria irabazi zuenean.

Horrez gain, Regas zenbait egunkariren, aldizkariren, irratiren eta telebista kateren ohiko kolaboratzaile ere bada. Regásek kulturaren munduan bete izan duen lanak hainbat sari lortu ditu, Chevalier Ordena edo San Jordi Gurutzea, besteak beste.

Jordi Esteva (Bartzelona, 1951) idazle eta argazkilaria, ekialdeko eta Afrikako kulturaren zale sutsua da, eta kultura horietara bideratu du kazetari eta argazkilari gisa burutu duen lan gehiena. Bost urtez Egipton bizi izan zen, Nazioarteko Kairo Irratian lan eginez. 1998an "Mil y una voces" argitaratu zuen, Mediterraneoko bi aldeetako 16 artistarekin eta intelektualekin, modernotasunaren erronka dela eta elkarren aurka dauden gizarte arabiarrei buruz egindako elkarrizketez osatutako liburua.

"Viaje al país de las almas" argitaratu zuen, animismo afrikarraren mundura hurbiltzen gaituen lana. Bertan hastapeneko erritualak eta posesio fenomenoak dokumentatzen ditu. Duela denbora gutxi bere azken liburua argitaratu du, "Socotra, la isla de los genios".

LAUGARREN EDIZIOA

2007ko urtarrilean "Eztabaidak literaturarekin" egitaraua martxan jarri zenetik, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoak idazle bikoteen arteko elkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Jose Andres Rojo eta Manuel Vicent, Fernando Marías eta Toti Martinez de Lezea edo Maria Dueñas eta Lorenzo Silva.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleengana hurbiltzeko era berria izan da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz.

Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea izan da, zeharkako ikuspegitik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika edo matematikak, besteak beste, edo genero jakin batean zentratuz, kasu honetan gertatzen den bezala, beti ere lehen mailako protagonisten bitartez.