Roskow artista plastikoak egin du Donostiako 52. Heineken Jazzaldiaren kartela

Roskow eta Miguel Martin, hautaturiko irudiarekin
HEINEKEN JAZZALDIA
Actualizado: viernes, 17 marzo 2017 16:21

DONOSTIA, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Donostian uztailaren 20tik 25era ospatuko den 52. Heineken Jazzaldiak kartela dauka jada. Fernando Uharte "Roskow" artista plastiko donostiarraren obra da, eta margolanean Trinitate plaza islatu du, "ilunabarreko ordu magiko horretan".

Miguel Martin Heineken Jazzaldiaren zuzendariak eta egileak berak aurkeztu dute kartela ostiral honetan Donostian eskainitako prentsa agerraldian.

Aurtengo kartela egiteko, Heineken Jazzaldiaren antolakuntzak zenbait artista plastikoren arteko lehiaketa mugatu bat deitzea erabaki zuen, garai batean egiten zen bezala, azken urteotan indarrean egon den lehiaketa publiko eta irekiaren aukera alde batera utzirik. Aurkeztu diren lanetatik, antolakuntzak Roskowrena hautatu du, "obraren kalitate artistikoaz gain, oso ongi irudikatzen duelako Jazzaldiaren espiritua eta Trinitate plazako giroa".

Aurtengo Heineken Jazzaldiaren kartela Trinitate plazaren gaueko ikuspegi panoramiko bat da, goiko harmailetako ikusle baten ikuspuntutik. Ikusle hori bera dela esan du artistak, "duela urte batzuk, Brecker anaien kontzertua ikusten nengoela, jazzaldi gau bikain batean". "Ordutik hona, beti sentitu dut momentu hura koadro batean islatzeko premia eta, dudarik gabe, hauxe izan da horretarako aukerarik onena", gaineratu du.

Halaber, Abuztuaren 31 kalean, Triniaren ondoan jaio eta hazitakoa izanik, haren erretratua egitea bere "arrebarena egitea bezalatsu" dela adierazi du Roskowk.