Rossini Abesbatzak "Zarzuela on air!" taularatuko du asteartean Bilboko Arriagan

Rossini Abesbatza
ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: lunes, 22 febrero 2016 17:01

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Rossini Abesbatza bilbotarrak "Zarzuela on air!" izenburuko obra aurkeztuko du Bilboko Arriaga antzokiko Gelatxoak egitasmoaren baitan, astearte honetan, otsailaren 23an, 20:00etatik aurrera. Sarrerak 9 eta 12 euro artean, www.teatroarriaga.com webgunean, 946 850 850 telefonoan eta antzokiko txarteldegietan erosi daitezke, aurretiazko salmenta ordutegian.

   Antzokiko arduradunek adierazi dutenez, garai batean, irratiak -eta ondoren telebistak- gaur egun zarzuelaren klasikotzat hartzen diren "Las lagarteranas", "La verbena de la Paloma", "La mazurca de las sombrillas" eta beste melodia ezagunak jenderengana helarazi zituzten.

   Bada, Rossini Abesbatzak, garai hartako irrati estudioa irudikatuko du Arriagako eszenatokian. Hori da "Zarzuela on air!" ikuskizunaren abiapuntua, eta koruak prestatu duen eszena eta abesbatza ikuskizunak zarzuelako abesbatza piezarik hoberenak eskainiko ditu.

   Ikuskizunean, Azucena Molina antzezleak, aurkezlearen rolean, maitasun eta intriga istorioan oinarrituz gidatuko ditu ikus-entzuleak, entzuleen deiak jasoz eta zuzeneko musikari bide emanez. Zuzeneko musika horretan, "Los Gavilanes", "El Huésped del Sevillano", "La Corte de Faraón" edota "El dúo de la africana" moduko zarzuela handietako abesbatza kantak eskainiko ditu Rossini Abesbatzak.

   Musikarekin laguntzeko, abesbatzak Celia Baños izango du pianoan. Pianoa jotzeaz eta Kantabriako Musika Kontserbatorioan irakasle izateaz gain, Bilboko Rossini Abesbatzako abeslari izan da urte luzez, eta une honetan emakumeek osatzen duten Zirzira ahots taldeko kidea da.