Rudolf Trebitsch atropologoak egin zituen euskarari buruzko ikerketez arituko dira Berlinen eta Leipzigen

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 24 mayo 2013 16:18

BILBO 24 May. (EUROPA PRESS) -

Inaxio Lopez Arana Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleak Rudolf Trebitsch antropologo austriarrak euskararen inguruan egin zituen ikerketen berri emango du Berlinen eta Leipzigen maiatzaren 27an eta 28an, hurrenez hurren, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.

Trebitschek Euskal Herrira egindako bidaiaren mendeurrena ospatzen denean, 1913an antropologo vienarrak Euskal Herrian jaso zituen kanta eta grabaketa dialektalak entzuteko aukera izango da bi hitzaldietan, tartean Iparragirreren "Gernikako Arbola" kantaren lehen grabaziotzat jotzen dena.

Berlingo hitzaldia bertako Euskal Etxeak antolatu du eta Haus der Demokratie und Menschenrechte gunean izango da, arratsaldeko 18:00etan, maiatzaren 27an. Hurrengo egunean, hilaren 28an, Leizpgeko Unibertsitateko Augusteum gunean izango da saioa, bertako Etxepare Institutuko irakurlea den Unai Lauzirikak antolatuta.

Rudolph Trebitsch austriarrak, Julio Urkijo, Telesforo Aranzadi, Gregorio Mujika, Resurreccion Maria Azkue, Georges Lacombe eta Gabriel Robyren laguntza izan zuen euskalkien grabazioak egiteko eta euskal etnologiaren bilduma osatzeko. 64 diskotan banatu zituen euskal grabazioak, 130 minutu guztira.

Marcelo Miguel eta Inaxio Lopez de Arana Arrietak "Rudolf Trebitsch: Euskal hizkuntzaren eta musikaren grabazioak (1913)" artikuluan aipatzen dutenez, grabazioetan euskalki guztiak daude jasota, bai eta erronkariera ere, dagoeneko desagertu bada ere. Jatorrizko grabazioak Vienako Fonotekan daude, baina Piarres Xarriton eta Jose Maria Etxebarria euskaltzainen ahaleginari esker 1984. urtetik Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekan ere haien kopiak eskuragarri daude.

Contenido patrocinado