Ruper Ordorikak Donostiako Adarra saria jasoko du

Ruper Ordorika
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: jueves, 5 marzo 2015 16:05

DONOSTIA, 5 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ruper Ordorikak jasoko du aurten Donostiako Udalak Donostia Kulturaren bidez sorturiko Adarra saria. Saria iaz sortu zen, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bat omentzeko, eta lehen edizioan, Mikel Laboaren sorkuntza lanari eta jeinuari eman zitzaion.

Aurten, aldiz, Jose Antonio Echeniquek, Agurtzane Aizpuruk eta Jon Eskisabelek osatu duten Adarra sariaren aholkularitza batzordeak aho batez Ruper Ordorikari ematea erabaki du.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Ruper Ordorikak "bere estiloaren berezko modernotasunari eta proposamen musikalari ibilbide luze eta emankorra" gehitu dizkio. Ibilbide horretan, Euskal Herriko abangoardiako artistekin ez ezik, proiektuak beste jatorri eta tradizio batzuetako lehen mailako artistekin ere grabatu eta partekatu dituela nabarmendu dute.

"Ohikoa da Ruperrek jazzeko eta rock garaikideko artista amerikarrekin elkarlanak egitea eta diskoak ekoiztea. Era berean, Ruper Ordorikak euskal kantutegiaren zati garrantzitsu bat berreskuratu eta eguneratu du, bai bere izenean eta bai kolektiboki partaide izan den proiektuen bitartez", azaldu dute.

Halaber, adierazi dute "artista ezaguna eta errespetatua" dela "bere abesteko estilo propioagatik, izan duen ibilbidearen seriotasunagatik, bere jarrera artistikoaren modernotasun berezkoagatik eta konpositore gisa egin duen lanaren sakontasunagatik".

Horregatik guztiagatik, Adarra sariaren aholkularitza batzordearen iritziz, Ruper Ordorikak "bikain" betetzen ditu Adarra sariaren eskakizunak, hau da, euskal folkloreko pieza tradizionalak berreskuratzea eta eguneratzea, arlo horretan egin duen lanagatik, eta bere jatorrizko piezak herri kantutegira gehitzea, musikagile gisa egin duen lan handiagatik.

ESTILO PERTSONALA

Gainera, euskal musikako beste interprete batzuengan eragina izan duen estiloa sortu izana goraipatu dute, "bere estilo pertsonalagatik eta ahots nahastezinagatik", bai eta beste musika estilo batzuekiko lankidetza eta egiteko moduak irekitzea ere, munduan ospetsu diren musikari eta instrumentistekin egindako hainbat lanetan jasota dagoen bezala.

Azkenik, artista belaunaldi berriei lagundu eta belaunaldien arteko lan ildoak ireki izana nabarmendu dute, "bere ibilbidearen modernotasun ukaezin eta ezaugarriagatik eta bere taldeetara gehitu dituen musikari gazte eta ugariengatik", eta bere lana Euskal Herritik kanpora zabaldu eta, horren ondorioz, euskal musika jendarteratzea ere.

Saria, Marijose Recalde (Iruñea, 1964) artista nafarraren eskultura bat da (garaikur baten tamainakoa). Lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio. Saria emateko ekitaldia ekainaren 21ean egingo da, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.