Salatzen direnekin batera, emakumeen aurkako indarkeria kasu gehiago daudela dio Emakundek

Puntu lila jartzeko deia egin du Landaidak
EMAKUNDE
Actualizado: martes, 24 noviembre 2015 13:19

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak gogorarazi du, ezagutzen direnekin batera, emakumeen kontrako indarkeria kasu gehiago daudela, asko ez baitira salatzen eta ezkutuan geratzen dira. Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak adierazi du "egiturazko arazo larri" honen "icebergaren tontorra" direla ezagutzen diren datuak, hainbat ez baitira salatzen eta ezagutzen.

   Landaidaren iritziz, "arazo larri hau banalizatzeko egiten diren saiakerak benetan maltzurrak dira, eta oso arriskutsuak hiritarrek arazoaren aurrean duten pertzepzioan eragina dutelako, eta, larriagoa dena, eragin handia dutelako indarkeria jasaten duten emakumeengan, oraindik zailago jartzen dielako euren egoeratik irteteko saiakerak egitea". "Gizarteko pertsona guztiek dugu ardura emakume hauentzako egoera eta baldintza onenak sortzen", esan du.

   Emakunderen ustez, "balore aldaketa da emakume eta gizonen berdintasuna oztopatzen duten jarreren kontra egiteko eta arazo hau errotik desagerrarazteko tresna eraginkorrena". Zentzu honetan, Landaidak berdintasun politikak aldarrikatu ditu indarkeria mota honekin amaitzeko tresna modura.

   Halaber, gizarte osoari dei egin dio asteazken honetan, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean, emakumeen kontrako indarkeriaren gaitzespen publikoa egin dezan, hiri eta herri ezberdinetan antolatu diren mobilizazioetan parte hartuz edota emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako sinboloa bihurtu den puntu lila erakutsiz. "Sinbolo hau publikoki erakusteak berarekin dakar emakume eta gizonen arteko berdintasun eza oinarri duen era honetako indarkeriaren kontrako konpromiso aktiboa", adierazi du.

   Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokak alor asko ukitzen dituela gogorarazi du Emakundek. Horrela, "oso garrantzitsua" deritzo hezkuntzan lan egiteari, baina ez soilik eskoletan, sozializazio agenteak asko baitira (familia, eskola, komunikabideak eta abar). "Gizarte osoak errepikatzen ditu estereotipo sexistak eta beraz, gizarte osoaren inplikazioa behar da hauen kontra egiteko", azpimarratu du.