Salman Rushdie eta Slovaj Zizek idazleek inauguratuko dute Gutun Zuria IV. Letren Nazioarteko Jaialdia AlhondigaBilbaon

Slovaj Zizek inaugurazioan izango da
ALHONDIGABILBAO
Actualizado: martes, 8 marzo 2011 13:14

Apirilaren 7tik 10era egingo da jaialdia eta literatura errusiar garaikidea izango da gonbidatua


BILBO, 8 Mar. (EUROPA PRESS) -

Laugarren urtez jarraian, AlhondigaBilbaok Gutun Zuria Letren Nazioarteko jaialdia antolatuko du. Topaketa honek "irakurtzeak eta pentsatzeak eragiten duten plazerra transmititu nahi du", eta apirilaren 7tik 10era bitartean egingo, nobedade garrantzitsuekin. Salman Rushdie eta Slovaj Zizek idazleak izango dira jaialdia inauguratzeko arduradunak.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, aurten, Gutun Zuria jaialdiak bertan parte hartzera animatu nahi du jendea, "Egin ezazu nahi duzuna, ezer egiten ez duzun bitartean. Hamarkada bati buruzko gogoetak" goiburupean. Izenburu iradokitzailea da, zentsurari, autozentsurari, erotismoari, pornografiari, politikari, antiutopiei eta utopiei buruzko gogoeta egiteko. "Azken batean, gizarte garaikidean askatasunaren espazio indibiduala zein den planteatzeko", adierazi dute.

Salman Rushdie idazle indiarra eta Slovaj Zizek filosofo esloveniarra izango dira jaialdia inauguratuko duten egileak. Biek ala biek hitzaldia eskainiko dute apirilaren 7an. Hurrengo egunetan, Catherine Millet idazle frantsesaren eta Antonio Altarriba eta Javier Cercasen txanda izango da.

Gainera, aurten, lehenengo aldiz, jaialdiak atal berria izango du, hemendik aurrera urtero egingo dena. Edizio bakoitzean, literatura bati egingo zaio gonbidapena, hala egile ezagunak nola berriak ezagutzeko eta horietan sakontzeko. Aurten, gonbidatua literatura errusiar garaikidea izango da, gure inguruan oso gutxi ezagutzen dena.

Belaunaldi desberdinetako egileen parte-hartzearekin, letra errusiarren panoraman elkarrekin bizi diren era ugariak islatuko dira; absurduaren eta umorearen herentzia, memoria historikoaren berreskurapena, belaunaldi berriek herentzia sobietarretik ihes egiteko duten beharrizana, utopien aurkakoen ugaritzea, eleberri beltza bezalako generoen sorrera, prosa dokumentalaren tradizioan emakumezko idazleen nagusitasuna, gaur egungo gerra-gatazken literatur kontakizuna eta abar.

AlhondigaBilbaok idazle hasiberriei lagundu nahi die, eta, horren haritik, Gutun Zurian Vladimir Makanin edo Alexei Varlamoven mailako egileak izateaz gain, ospetsu bihurtzen hasi diren egileak ere izango dira, idazleen belaunaldi berrien laguntzeko helburuarekin.

'STORYTELLING'

Ahalik eta herritarren parte-hartze handiena lortzeko asmoz, aurten, Gutun Zuria jaialdiak 'storytelling' delako jarduera proposatuko du apirilaren 10ean, eguerdiko 12:30etan. "Errealitateak fikzioa gainditzen duenean" izennurupean, gonbit egingo die hala nahi duten pertsona guztiei, AlhondigaBilbaoko atarian elkartu eta, gutxi gorabehera bost minutuan, bakoitzak bizi izan dituen benetako istorioak kontatzeko. "Istorio horiek harrigarriak izan behar dira, hain harrigarriak, ezen asmatutakoen antza izan beharko dutela", adierazi dute.

Jarduera honetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurretiaz AlhondigaBilbaoko Infopuntuan; izena ematean, zer gairi buruz hitz egingo duten eta zein hizkuntzatan (euskara edo gaztelania) egin nahi duten adierazi beharko dute. Interesa duten pertsonek bihartik aurrera egin dezakete izen-ematea.

Gutun Zuria jaialdiko hitzaldi eta jardueretarako sarrerak salgai daude dagoeneko AlhondigaBilbaoko Infopuntuan, 2 euroan. Era berean, bonuak daude hitzaldi nagusi guztietan parte hartzeko 10 euroan (8 euro, ho txartelarekin); bonuak "Infopuntua ho" delakoan edo Gutun Zuria Letren Nazioarteko Jaialdiaren liburu-denda "lagunetan" eskuratu daitezke, izan ere, bihartik aurrera, liburu-denda horiek jaialdiaren bereizgarria izango dute erakusleihoetan.

Hona hemen liburu-denda horiek: Antiliburudenda, Binario Libros, Casa del libro, Elkar Megadenda, Ibaizabal, la librería de Deusto, Librería Cámara, Librería Etxean, Librería Jakinbide, Librería Tintas, Santos Ochoa Bilbao, Topbooks, Librería Intercultural, Shopa.