DONOSTIA 24 May. (EUROPA PRESS) -
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak harrera egin die ostegun honetan sami herriko Sami Ez Fikziozko Idazle eta Itzultzaileen Elkarteari. Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusiako estatuen baitan dauden samiak daude ordezkatuta elkartean.
Donostiako udaletxeko harrera-gelan hartu ditu alkateak, eta ongietorria egin die esanez estaturik gabeko herria izatea eta hizkuntza gutxitu batean aritzea partekatzen dutela samiek eta euskaldunek, eta sentimendu horrek elkartzen dituela. "Ongi etorri Donostiara, Europako iparraldetik zatozten herri zahar horretatik Europako hegoaldeko herri zahar honen etxera", adierazi die.
Harrera ekitaldian Nerea Txapartegi Kultura zinegotzia eta Igor Otxoa 2016 Europako Kultur Hiriburua Bulegoako ordezkaria ere izan dira. Harald Gaski elkarteko presidenteak eskerrak eman dizkie udal gobernuko kideei harreragatik, eta samierazko esaera zaharrak biltzen dituen liburuxka oparitu die, ingelesezko bertsioan.
Harald Gaski Norvegiako Tromso Unibertsitateko sami literaturako irakaslea da eta bi herrien arteko harremanak estutzeko garrantziaz mintzatu da. Orotara, elkarteko 33 idazle eta itzultzaile bertaratu dira Donostiara.