Saregileentzako pabiloi eta eskola berria inauguratu dituzte Getarian (Gipuzkoa)

Actualizado: lunes, 28 marzo 2011 18:38

DONOSTIA, 28 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak Getariako (Gipuzkoa) saregileentzako pabilioi berria inauguratu du gaur, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak lagatakoa. Lokalak 1.000 metro koadro inguru ditu, "bizigarritasun, erosotasun, segurtasun eta higiene irizpideak betetzen ditu, eta espazio duina emango dio Euskal Autonomia Erkidegoko saregile talde ugarienari", adierazi du inaugurazioan Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.

Getarian 24 emakumek dihardute lanbide honetan eta EAEko itsasertzeko ontzi kopuru handienari ematen diote zerbitzua; guztira, 15 itsasontziri. Instalazio berriak, profesional hauen lan baldintzak hobetu ez ezik, prestakuntzarako espazio ere bilakatuko dira, Euskadiko Saregileen Eskola hartuko baitute. Horrela, egungo

saregileentzako edo belaunaldi aldaketa posible egingo duten pertsonentzako heziketa eskainiko dute bertan. Egun 64 emakumek osatzen dute kolektiboa eta 50 urteko batez besteko adina dute.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Arrantza-sektoreko Emakumeen Espainiako Sarearen I. Biltzarrean hartutako konpromisoetako bat izan zen EAEko saregileen instalazioak birgaitzea. Horren ondorio dira Getariako lokal berria eta duela aste batzuk Orion inauguratu zutena.

Pilar Unzaluk azaldu duenez, bere Saila "erabakitasunez eta baliabideekin" murgildu da EAEko saregileen kolektiboarentzako lokalak egokitzeko prozesuan. Azpiegitura berriarekin Gipuzkoako portu-azpiegitura beharrei erantzuna eman nahi izan die Eusko Jaurlaritzak, eta orain lanean jarraituko du Bizkaian, Ondarroan eta Bermeon, zehazki.

Portuetako lokalen egokitzapenaz gain, Unzaluk azaldu du bere Sailetik lanean ari direla saregileek egiten duten lana profesionalki aintzat hartu dadin. "Aintzatespen profesional hori erraztu du, neurri batean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Hezkuntza sailen arteko elkarlanak. Eta eskerrak eman nahi dizkiet horregatik", aipatu du

sailburuak.

SAREGILEEN AHALEGINA

Hala ere, sailen arteko kolaborazio horrek ez luke ezertarako balio, Unzaluren hitzetan, saregileek online zein eskola presentzialen bidez hezteko egiten duten ahaleginagatik izango ez balitz. "Ahalegin hori zinez eskertu nahi dizuet, dinamismoarekin eta konpromiso

pertsonalekin indartzen baitituzue beharrezkoak diren hobekuntzen eta duintasun soziolaboralaren aldarrikapenak", adierazi du Unzaluk ekitaldian.

Sailburuak azpimarratu du, era berean, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Itsaspreben planaren bitartez bultzatzen ari den lana. "Saregileen, neskatillen eta enpakatzaileen lan-osasunaren diagnostikoa" izenburuko azterlanak

emakume horiek bere lanaren ondorioz garatzen dituzten gaixotasun ohikoenak analizatzen ditu, laneko gaixotasun gisa hartuak izan daitezen.

Unzaluk zuzentzen duen Sailaren eta arrantza sektoreko emakume kolektiboaren beste helburuetako bat da egungo jardueraren osagarriak direnak bilatzea diru-sarrerak handiagotzeko. Eusko Jaurlaritzak martxan jarriko du, urte honetan zehar, dibertsifikazio ekonomikoan aurrera egiteko parte-hartze prozesu bat.