Sean Brosnan zinemagileak jasoko du aurten FANT zinemaldiaren Fantrobia saria

FANT 23k Sean Brosnani emango dio Fantrobia saria
FANT
Actualizado: martes, 4 abril 2017 15:11

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak Sean Brosnan zinemagile estatubatuarrari emango dio aurtengo edizioan fantasiazko generoan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den figura aintzatesten duen Fantrobia saria, maiatzaren 12an, jaialdiaren amaiera ekitaldian. FANT jaialdiaren 23. edizioa maiatzaren 5etik 12ra ospatuko da.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, Sean Brosnanek -Pierce Brosnan aktore ospetsuaren semea da- "My Father Die" (2016) bere lehenengo film luzea aurkeztuko du FANTen. Filmaren emanaldia maiatzaren 9an izango da, Golem zinema aretoetan, 20:00etan.

Sean Brosnanek (Los Angeles, 1983) antzerkia eta poesia ikasi zituen eta oso gaztetatik egon da arteen munduan murgilduta. Unibertsitateko ikasketak amaitu ondoren Romeoren rola lortu zuen British Shakespeare Company taldearen "Romeo eta Julieta" lanean. Handik gutxira kritikaren txaloak jaso dituen "Generation Kill" HBO katearen teleseriean aritu zen, Cpl. Daniel Redman gisa. Gero hainbat filmetan egin du lan: "My Horizon", "Don Peyote", "What Dreams Will Travel" eta "UFO" filmetan, besteak beste.

Hollywooden hazi zenez, Sean Brosnanek harreman onak ditu industriarekin, eta ekoiztetxe bat sortzea erabaki zuen emaztearekin, Sanja Banic idazle eta ekoizlearekin. Knightmarcher 2012an sortu zen, Brosnanek gidoilari eta zuzendari gisa bere lehenengo lana egin zuenean, "The Kid" saritutako film ertaina, hain zuzen ere. "63 Lbs", "The Face of C" eta zortzi film labur idatzi eta zuzendu ditu hiru urtetan. "My Father Die" bere lehenengo film luzea da, AEBetan kritika onak jaso dituen proposamen odoltsua.

Bestalde, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak aurtengo edizioko epaimahaia eman du ezagutzera. Melina Matthews antzezleak, Elio Quiroga idazle eta zine zuzendari eta gidoilariak eta Miguel Angel Vivas zuzendari, gidoilari eta kazetariak osatuko dute.

Halaber, edizio honetan zuzkidura ekonomikorik ez duten ohorezko bi sari banatuko dira: Panorama Fantastikoa saileko generoko film luze eta film labur hoberenei emango zaizkienak. Sari horiek erabakitzeko ardura izango duen epaimahaia Angel Agudo genero fantastikoko gidoilari eta ikerlariak, Iratxe Fresneda kazetari eta zine kritikariak eta Javier Donate kazetari eta zine kritikariak osatuko dute.