Sei lagun atxilotu dituzte EAEn genero indarkeriagatik edo urruntze aginduak urratzeagatik

Actualizado: lunes, 21 noviembre 2011 13:24

BILBO, 21 Nov. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu azken orduetan Barakaldo, Ortuella, Irun eta Gasteizen genero indarkeriako delituengatik eta beste bi Barakaldon eta Gasteizen bikotekide edo bikotekide ohiekiko urruntze aginduak urratzeagatik.

Igande arratsaldeko 18:00ak aldera, norbanako batek Ertzaintza Barakaldoko Gurutzeta plazara joateko eskatu zuen, genero indarkeriako gertaera bat jazotzen ari zelako. Bertara heltzean, agenteek emakume batekin hitz egin zuten, eta bikotekideak jo egin zuela eta mehatxuak eta tratu txarrak ohikoak zirela jakinarazi zien. Erasotzailea, 31 urteko gizonezko bat, atxilotu eta ertzain-etxera eraman zuten.

Halaber, igande arratsaldeko 19:30 aldera, herritar batek Ertzaintzari jakinarazi zion gizon bat ikusi zuela kalean emakume bat jotzen, Trapagaranen. Susmagarria 25 urteko gizon bat zen eta tokitik auto batean alde egin zuen, baina pixka bat geroago aurkitu eta atxilotu zuten Ortuellan.

Gainera, igande arratsaldeko azken orduan, emakume batek Irungo ertzain-etxean salatu zuen 68 urteko bere senarrak tratu txar psikikoa eragiten ziola normalean eta tratu txar fisikoa batzuetan. Salaketa jasota, patruila bat bikotearen etxebizitzan agertu zen eta senarra atxilotu zuen.

Horrez gain, gaur goizaldeko 1:30 inguruan, Ertzaintza Guardiako Cuadrilla kalera joan da, kalean eraso bat izan zela jakin duelako. Ertzainek baieztatu dutenez, gizon batek bere neska-laguna kolpatu zuen eta ondorioz, anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuen emakumea. Ondoren, ertzainak 27 urteko ustezko erasotzailearen etxera joan eta atxilotu egin dute.

URRUNTZE AGINDUA URRATU

Bestalde, igande arratsaldeko 16:30 jotzear zirela, emakume batek Ertzaintzari jakinarazi zion senarrak ez zuela urruntze agindua errespetatu Barakaldon; agindu horren arabera, gizona ezin zen emakumearengana 500 metrora hurbildu. Agenteek 53 urteko susmagarria atxilotu zuten salatzailearen etxebizitzatik hurbil zegoen taberna batean.

Mota honetako bigarren abisua igande arratsaldeko 19:00ak aldera izan zen Gasteizen. Norbanako batek Ertzaintzari adierazi zion bikote bat liskarrean zegoela Pepe Ubis kalean. Bertaratutako patruilak bi gizonezko eta emakumezko bat aurkitu eta identifikatu zituen. Gizonetako batek, 28 urtekoak, emakumearengana hurbiltzea debekatzen zion urruntze agindu bat zuen bere gain, eta horregatik atxilotu egin zuten.