Sei sagardotegi lehian Gipuzkoako Aldundiaren XIV. Sagardo Lehiaketan

Sei sagardo finalistak
Foto: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 4 junio 2015 12:05

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako 17 herritako 35 sagardotegik parte hartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen Sagardo Lehiaketan, aurten 14. edizioan, eta azkenean, larunbatean jokatuko den finalerako sei sagardotegi hautatu ditu epaimahaiak: Adunako Aburuza, Hernaniko Altzueta, Ikaztegietako Begiristain, Astigarragako Gartziategi, Andoaingo Gaztañaga eta Altzagako Olagi.

   Sagardogilearen elaborazio lana baloratzea eta botilaratutako sagardoaren kalitatea saritzea dira lehiaketaren helburuak, bai ikuspegi organoleptikotik bai analitikotik aztertuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

   Aurtengo finalera sailkatutako sei sagardotegietatik lau joan den urtean ere finalean izan ziren. Finala larunbat eguerdian jokatuko da, 12:00etatik aurrera, Donostiako Euskal Gastronomia Elkartean egingo den dastaketan.

   Aurtengo edizioko aldaketa nagusia da epaimahaia sagardo dastatzaile adituek osatuko dutela, eta ez, orain arte bezala, hainbat esparrutako ordezkariek. Epaimahaiko kide guztiak Fraisoroko Dastagunean ikasi eta diplomadun dastatzaileak direla, bertako dastatze paneleko partaideak.

   Zehazki, Juan Zuriarrain kimikoa, enologia aholkularitzan teknikoa; Fernando Vadillo enologoa, enologia aholkularitzan teknikoa; Agurtzane Andueza kimikoa, Fraisoro Ingurumen eta Nekazaritza Laborategikoa; Guillermo Castaños biokimikoa eta enologoa, elikagaien higienean irakaslea; Xabier Kamio, enologoa, enologia aholkularitza bateko arduraduna; eta Irati Amondarain enologoa dira epaimahaikideak.

SAGARDO LAGINAK

   Lehiaketako parte hartzaileen sagardo laginak sagardotegi bakoitzeko upeletik edo barrikatik zuzenean hartu dira. Lehiaketara aurkeztu ahal izateko, 200.000 litro sagardo baino gehiago ekoizten dituzten sagardotegiek bost upel beterik eduki behar dituzte, eta gutxiago ekoizten dutenek, berriz, gutxienez hiru upel. Sagardogileak bakoitzak aukeratu zuen zein upel aurkeztu nahi zituen lehiaketara. Upel horiek zozketa bitartez zenbatu ziren eta bakar bat aukeratu zen.

   Sagardo lagina upel horretatik hartu zen. Laginetarako, parte hartzaile bakoitzaren 13na botila hartu dira, "Sagardoa" eredukoak; etiketa berdina jarri zitzaien guztiei, identifikazio zenbakiarekin. Lagin hartzea sei egunetan zehar egin zen (apirilaren 20tik 26ra), eta lagin bakoitzeko bi botila Gipuzkoako Foru Aldundiko Fraisoroko Laborategira bidali ziren analizatzeko.

   Aurten sagardoetan 15 parametro analizatu dira, baina analitika fasean lau bakarrik kontuan hartu dira: Azidotasun lurrunkorra, 2,2 g/l baino txikiagoa, azido azetikotan adierazia; estraktu lehorra, guztira, azukrerik gabe, 14 g/l gutxienez; metanola, 200 mg/l baino gutxiago; eta glukosa-fruktosa, 5 g/l.ko edo gutxiago.

   Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen 14. Sagardo Lehiaketan sari hauek banatuko dira: irabazleak 3.000 euro, garaikurra eta "Bordatutako txapela" eramango ditu; bigarren sailkatuak, 1.500 euro eta garaikurra; eta hirugarrenak, 1.000 euro eta garaikurra.