Seme-alabei teknologia berriak segurtasunez eta arduraz erabiltzen erakusteko gida bat argitaratu du Jaurlaritzak

Adingabeak ordenagailuarekin
COPYLEFT (PIXABAY)
Actualizado: lunes, 8 febrero 2016 13:27

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak gida berri bat argitaratu du "seme-alaba teknologikoak" dituzten gurasoei zuzendua, oinarrizko jarraibideak eskainiz seme-alabak teknologia berrien erabilera arduratsu eta seguruan hezi ditzaten. "Internet eta teknologia berriak, hitz egingo dugu familian?" izeneko eskuliburu berria elebitan egongo da eskura www.euskadi.eus/zeukesan webgunean.

   Gainera, hilabete barru, gutxi gorabehera, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak aholkularitza zerbitzu berri bat eskainiko du, gurasoek familientzako gida horren eta irakasleek DBHko ikasleentzako "egON LINE" gidaren erabileraren gainean izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Gai horien gaineko galde-erantzunak helbide elektroniko honen bidez kudeatuko dira: egonline@euskadi.eus.

   Eusko Jaurlaritzak teknologia berrien erabilera arduratsu eta segurua sustatzeko baliabideak eskaini nahi dizkie adin txikikoei, irakasleei eta gurasoei, eta helburu horrekin bat dator gidaliburu berria, Europako Batzordeak sustatu eta Internet Seguruaren aldeko Europako Sareak (INSAFE) astearterako antolatu dituen Internet Seguruagoaren aldeko Eguneko ospakizunen barne. Sustatzaileek -aurten Eusko Jaurlaritza ere-, teknologia berrien erabilera seguruagoa sustatu nahi dute mundu osoan, bereziki, adin txikikoen eta gazteen artean.

   Legegintzaldiaren hasieratik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak hainbat ekimen bultzatu ditu adingabeak babesteko Interneteko mehatxuen aurrean. Esaterako, 2015eko Internet Seguruagoaren aldeko Egunean (otsaileko bigarren asteartean izan ohi da), DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak teknologia berrietan hezteko gida pedagogikoa argitaratu zuen.

Ikasmaterial hori, "egON LINE" deritzona, Zeuk Esan ekimenaren webgunean dago eskura: www.euskadi.eus/zeukesan.

   Gainera, Enplegu eta Gizarte Politikietako Saila Adin Txikikoak eta Internet sarearen sustatzaileetako bat da. Eusko Jaurlaritzako sailen arteko lankidetza sustatzen du sare horrek, Internet modu seguruan eta arduratsuan erabiltzea xede. Helburu horretarako ekintza guztiak harmonizatzen ditu, inplikatutako eragileen artean sinergiak sortuz.

LEHIAKETA

   Bestalde, Internet Seguruagoaren aldeko Eguna dela medio, aurten, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak lehiaketa bat antolatu du, Lehen Hezkuntzako 3. mailako eta DBHko 4. mailako ikasleei zuzendua. Parte-hartzaileek apirilaren 25era arteko epea izango dute teknologia berrien eta Interneten erabilera arduratsua sustatzeari buruzko ikus-entzunezko proiektuak aurkezteko.

   Bi adin kategoria bereiziko dira, eta epaimahaiak bosna finalista hautatuko ditu. Edonork bozkatu ahal izango du, eta kategoria bakoitzean boz gehien dituena aterako da garaile. Irabazleak amaierako galan jakinaraziko dira, Lakuan, maiatzean. Jardunaldi horretarako gonbidapena jasoko dute finalistek.

   Asteartetik aurrera, ikastetxeek eta aisialdiko taldeek lehiaketaren gaineko informazioa jasoko dute, eta Zeuk Esan webgunean ere eskura egongo da.