Sestaon (Bizkaia) eta Lasarten (Gipuzkoa) makina erremintako bi zentro jartzeko eskatu du Lanbidek

Actualizado: martes, 20 septiembre 2011 16:23

BILBO, 20 Sep. (EUROPA PRESS) -

Lanbide Enplegurako Euskal Zerbitzuak Sestaoren (Bizkaia) eta Lasarteren (Gipuzkoa) hautagaitzak aurkeztuko ditu irailaren amaiera aldean Espainiako Lan eta Immigrazio Ministerioan, mantentze-mekanikaren eta lurreko garraioaren arloetan (errepidea eta trenbidea) "Estatu mailako erreferentziazko bi zentro jartzeko". Esleipena lortuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) maila horretako hiru erakunde izango lituzke, Elgoibarko IMH-k jada badaukalako estatus hori makina erremintaren arloan.

"Euskadiko lanbide-heziketak, eta bereziki lanerako etengabeko prestakuntzak, aurrerapauso itzela eman lezake lanbide-arlo horietan, eta gure zentroak erreferente bihurtuko lirateke Estatuan eta Europan, bakoitza bere esparruan", Javier Ruiz Eusko Jaurlaritzako Plangintza eta Enplegu sailburuordeak azpimarratu duenez.

"Lanerako Lanbide Prestakuntzak enpresa-estrategia berritzaileen sorreran eta enpresa-kalitateko zirkuluen hobekuntzan duen eragina" goiburuarekin egin den jardunaldia amaitzeko ekitaldian eman du hautagaitzen berri Ruizek.

Testuinguru horretan, Ruizek gogoratu duenez, Lanbideren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren nahia "Euskadi gainerako erkidegoen gainetik jartzea da, nazio-erreferentziako hiru zentro izango bailituzke sektore garrantzitsu horietan zenbait eskualde esanguratsutan", hots, Ezkerraldean, Debabarrenan, Donostialdean edo Bidasoan).

"Hori gure herrialdearen aldeko politika egitea da, sektore klasikoen aldeko apustua eginez, baina berrikuntza erantsiz eta bultzada berria emanez", gaineratu du.

Horrez gain, Plangintza eta Enplegu sailburuordeak nabarmendu duenez, makina erreminta, mekanika eta trenbide zein errepide bidezko garraioa -logistikarekin batera-, "bereziki garrantzitsuak dira Euskadin, gure bokazioa Europarra, mugaz gaindikoa eta nazioartekoa baita".

Estatu mailako erreferentziazko zentroak ikerketa- eta berrikuntza-guneak dira, non sektore bakoitzeko prestakuntza- eta ekoizpen-estandarrak ezartzen baitira Estatuko gainerako zentro eta irakasleek jarrai ditzaten, lanbide bakoitzari buruzko profesionaltasun agiriak ematerakoan. "Balio estrategiko gaitza dute, eta orain, Lanbide gure esku dagoenean, ez dugu tren hori galduko", adierazi du Javier Ruizek amaitzeko.