Sexismoaren harresiei buruz hitz egingo du Luz Maceira ikertzaile mexikarrak martxoaren 3an Bilbon

Actualizado: lunes, 28 febrero 2011 13:10

BILBO, 28 Feb. (EUROPA PRESS) -

Luz Maceira memoria, espazio publiko eta generoaren gaietako ikertzaile mexikarrak "Memoria, orden eta sexismoaren harresiak" hitzaldia emango du Bilboko La Bolsa eraikinean martxoaren 3an, arratsaldeko 19:30etan. Hitzaldia Bizkaiko Emakumeen Asanbladak martxan jarritako indarkeria sexistaren biktimen aldeko eta matxismoaren inpunitatearen kontrako kanpainaren barruan dago.

Kanpaina honen helburua Bilbon memoriaren leku bat sortzea da, "dolu soziala eta biktimekiko solidaritatea adierazteko, eta bide batez, hurrengo belaunaldiei historian zehar gertatutakoa erakusteko", Bizkaiko Emakumeen Asanbladako iturriek adierazi dutenez.

Memoriaren leku hau sortzeko, Bilboko Udalari San Vicente plazari izena aldatzeko eta Azaroaren 25a ipintzeko eskatu dio, Emakumearen kontrako Indarkeria Deuseztatzeko Nazioarteko Eguna baita, eta han, biktima hauei eta mugimendu feministaren borrokari oroigarri bat eraikitzeko. Eskakizun honi atxikimendua emateko sina daiteke www.ambbea.org webgunean.