Sexteto Arquitectonico taldeak Glinka eta Arensky interpretatuko ditu bihar Miramongo Matineean

Actualizado: viernes, 14 enero 2011 11:10

DONOSTIA, 14 Ene. (EUROPA PRESS) -

Sexteto Arquitectónico taldeak Mijail Glinkaren eta Anton Arenskyren hari-boskoterako eta pianorako obrak interpretatuko ditu, hurrenez hurren, biharko Miramongo Matineean. Ohi bezala, emanaldia Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) egoitzan izango da, Donostian.

Horrela, Miramongo Matineeak zikloak 2011. urtea hasiko du ganbera-musikako kontzertu interesgarri batekin, EOSeko iturriek jakinarazi dutenez. Klasikoenetatik urrun, XIX. eta XX. mendeen arteko bi belaunaldietako bi konpositore errusiar dira emanaldiko protagonistak.

Sexteto Arquitectonico taldeak, Mijail Glinkaren "Belliniren 'Lo-ibiltaria' operaren gaien gaineko dibertimentu dirdiratsua" eta "Gran sestetto originale" eta Anton Arenskyren "Tchaikovskyren gai baten gaineko bariazioak" interpretatuko ditu. Horrela, egitarauan agertzen ez bada ere, Tchaikovsky bera izango da kontzertuko beste protagonista bat; izan ere, batetik, Anton Glinkak eragin nabaria izan zuen Tchaikovskyren musika-ekoizpenean eta, bestetik, Tchaikovskyk berak izan zuen isla Arenskyren lanean.

Mijail Glinka errusiar musikaren aitatzat hartzen da eta bere herrialdetik haratago oihartzuna izan zuen lehenengo konpositore errusiarra izan zen; horren harira, Mussorgsky, Rimsky-Korsakov, Borodin, Kui eta Balakirev-ek osatzen zuten eta musika errusiarraren baitan nabermena izan zen "Bosten Taldea" delakoaren sorreran eragina izan zuen. Anton Arensky, berriz, Skriabin edo Rachmaninov bezalako sortzaile gailenen maisu izan zen.

Sexteto Arquitectonico, EOSen baitan sortua, Raquel Cortinas eta Ricardo Ruiz biolin-jotzaileek, Delphine Dupuy biola-jotzaileak, Gabriel Mesado biolontxelo-jotzaileak, Victor Bogdanov kontrabaxu-jotzaileak eta EOSeko ohiko lankidea den Javier Perez de Azpeitia pianistak osatzen dute.

Kontzerturako sarrerak Servikutxan, Telekutxan (943 00 12 00) eta www.kutxa.net eta www.euskadikoorkestra.es webguneetan eskura daitezke, bai eta EOSen egoitzaren leihatilan, kontzertuaren egunean, 10:30etatik aurrera. Doako autobus zerbitzua izango da Miramongo egoitzera joateko, 10:25ean Gipuzkoako Plazako 4 zenbakitik atera eta Antso Jakituna Hiribideko 18an eta Madrilgo Hiribideko 34an geldialdiak egiten dituelarik.