DONOSTIA 21 Feb. (EUROPA PRESS) -
Medicusmundi Gipuzkoa GGKEk "Sexualitatea, generoa eta giza-eskubideak" izeneko ikastaroa antolatu du, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta Peruko Manuela Ramos Mugimenduaren laguntzarekin. Ikastaroan dinamika ezberdinak eta bideo-forumak erabiliko dira sexualitateak eta generoak pertsonen garapenerako duen garrantzia ezagutu eta ikertzeko. Horretarako, egungo sistemaren analisia hartuko da abiapuntu gisa, beti ere emakumearen ugalketa eta sexu eskubideak azpimarratuz.
EHUko iturriek jakinarazi dutenez, ikastaroa martxoaren 8tik 29ra bitartean egingo da Donostiako campuseko Ignacio Maria Barriola zentroaren auditoriumean eta doakoa izango da. Izena emateko epea martxoaren 5era arte egongo da irekita eta Gipuzkoako campuseko Kultur eta Kirol Bulegoan (943 018507 eta esther.erro@ehu.es) eta Medicusmundi Gipuzkoan (943 404740 eta educ.gipuzkoa@medicusmundi.es) egin daiteke.
Unibertsitate-komunitate osoarentzat irekia dago ikastaroa, nahiz eta bereziki ikasleentzat izan. Izan ere, parte-hartzaileetako batek, udan Perun bi hilabeteko egonaldi baterako diru-laguntza jasoko du. Praktika hauek Manuela Ramos Mugimenduarekin burutuko dira; 30 urte baino gehiago dira Medicusmundi Gipuzkoarekin sexu eta ugalketa eskubideen alde elkarlanean ari dela.
Ikastaroaren egiturak bi atal izango ditu: bata sexualitateari eta generoari buruzko lantegia izango da eta bestea, berriz, generoaren kezka mundu osoko problematika gisa ikertuko duen tartea izango da. Astearte eta ostegunetan banatutako zazpi jardunalditan burutuko da ikastaroa eta bertan hainbat film ikusi eta aztertuko dira, hala nola, "Las mamás muertas no lloran", ama-hilkortasunari buruzkoa; "Voces" non sexu esplotazioa eztabaidatzen den; "India's missing girls" aukeratze-abortuari eta haur hilketei buruzkoa; eta "Nagore". Azken honek indarkeria matxista du hizpide eta Nagore Laffage-ren hilketaren testuinguruan garatzen da.
Ikastaroan zehar egingo diren aurkezpenetan, Medicusmundi Gipuzkoako kideez gain, Medicos del Mundo, Lunes Lilas edo Biko Arloak bezalako erakundeetakoak mintzatuko dira.