Emakundek emakume eta gizonen soldaten ezberdintasuna salatu du

Actualizado: martes, 21 febrero 2012 10:39
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

   Asteazken honetan, otsailaren 22an, Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Eguna izanik, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak salatu du soldata diskriminazioa dela gaur egun emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna eragin eta betikotzen duen faktoreetako bat.

   INE erakundearen "Encuesta de estructura salarial" delakoan jasotzen denez, emakume eta gizonen arteko soldata diferentzia 7.139,50 eurokoa da Espainian (emakumeak, 19.771,80 euro; gizonezkoak, 26.911,40 euro).

   Sektoreak kontuan izanda, diferentzia handienak zerbitzuen sektorean ematen dira, hain justu, emakume gehien duen sektorean. Erdi-beheko lanpostuetako soldatak kontuan hartzen badira, gizonena 100 bada, emakumeena 67 eta 65 artekoa da. Europan, Batasuneko herrialdeetan soldata diferentzia %17,4koa dela kalkulatzen da, eta Espainian %25,6koa.

   Emakunderen arabera, datuak argiak badira ere, askotan iritzi publikoak zailtasunak izaten ditu diskriminazio hau eragiten duten faktoreak zehazteko, eta, ondorioz, gai honetaz gizarteak duen kontzientzia ez da izaten arazoaren garrantzi eta larritasunaren neurri berekoa.

   "Lan munduan ematen den zereginen bereizketa da era honetako diskriminazioaren jatorrian dagoen faktoretako bat. Lanpostuen bereizketa bertikal eta horizontalak zenbait lanpostu konkretuetara bideratzen du emakumea edo lidergo postuetara heltzea eragozten dio. Bereizketa honen ondorioz, emakumeak ugarien diren hainbat lanpostu daude, eta ordainsaria eskasagoa izaten da hauetan", dio Emakundek.

   Honekin batera, kontuan izan behar da askotan emakumeak malgutasun handiagoko lanpostuak aukeratzen dituela lanean eta familian dituen eginbeharrak orekatu ahal izateko, eta horrek zereginen bereizketa hori indartzen duela. Ondorioz, zatikako ordutegia duten lanpostuetan emakumeak nagusi dira mundu osoan.

   Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) zatikako kontratua duten lanpostuen %85,3 emakumeek betetzen dituzte, INEren biztanleria aktiboaren inkestaren arabera. Era honetan, EAEn lan egiten duten 10 emakumeren artean, 2,7k dute kontratu partziala, eta gizonen kasuan proportzio hori 3,8koa da 100en artean.

   "Ez dugu ahaztu behar sektore informalean lan egiten dutenen gehienak emakumeak direla. Oraindik portzentaje handi batean emakumeei egokitzen zaien familia eta etxeko lanaren ardurak galarazi egiten dio sarritan emakumeari lan munduan gizonarekin berdintasunez lehiatzeko aukera", azaldu du.

   Gainera, Emakundek kitikatu du hainbat lan eremutan gizonezkoen presentzia nagusi izanik, hauek jasotzen dituzten ordainsari osagarriek oraindik gehiago handitzen dutela batzuen eta besteen arteko soldaten arteko diferentzia, oinarrizko soldaten gainetik.