Sopelan edukiontziak erretzeagatik atxilotutako 48 urteko gizona epailearengana eraman dute

Actualizado: miércoles, 4 enero 2017 14:49

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

Sopelako Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren ekintza koordinatu bati esker astelehenean edukiontziak erretzea egotzita atxilotu zuten 48 urteko gizonezkoa epailearen aurrera eraman dute asteazken honetan, Sopelako Udalak eta Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi dutenez.

Iturri berberen arabera, 2016an nahita piztutako hainbat sute izan zen Sopelan, eta zaborra, papera eta beira biltzeko edukiontzietan izan zuten eragina. Hori dela eta, udalerriko udaltzaingoak eta Ertzaintzak zaintza operatiboak jarri zituzten abian.

Joan den igandean, urtarrilaren 1ean, zenbait edukiontzi erre zituzten Zabaldide eta Zubigane kaleetan, eta suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten sugarrak itzaltzeko. Abian zen zaintza operatiboak ekintzen ustezko egilea identifikatzeko aukera eman zuen: antzeko gertaeren ondorioz polizia aurrekariak dituen gizonezko bat zen, 2015ean eta 2016an ere edukiontziak erretzeagatik atxilotu eta zigortu zutena.

Joan den astelehenean, gaueko 21:00ak aldera, Sopelan aurkitu zuten susmagarria, eta polizia patruila batek atxilotu zuen. Atxilotua polizia egoitzan izan da asteazken honetan, epailearen aurrera eraman duten arte.