SPRI Taldeak 4.300 enpresa babestu zituen 2011n

Actualizado: jueves, 16 febrero 2012 14:47
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   SPRI Taldeak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoak, 4.300 bat enpresa babestu zituen 2011. urtean, 280 milioi euro inguruko diru-laguntzen bidez. Kopuru horrek erakusten du 2008. urtearekin alderatuta ekarpenen zenbatekoa %53 hazi dela, orduko kopurua 183 milioi eurokoa izan baitzen.

   Hala, azken hiru urteetan krisian dauden eta ia 46.000 langile enplegatzen dituzten 147 enpresa babestu ditu SPRIk 'Resiste' estrategiaren bitartez. Zuzeneko 1.808 enpleguren sorkuntza sustatu da ekintzailetza programei esker, eta 19 milioi euro bideratu dira 25.000tik gora langile enplegatzen dituzten enpresen berrikuntzari laguntzeko. Gainera, ia 15.000 pertsona enplegatzen dituzten 194 enpresaren nazioarteko bihurtzeko 422 proiektu babestu dira.

   Eusko Jaurlaritzako Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuordea den Pedro Gomez Damboreneak eta SPRI Taldeko zuzendari nagusia den Tomas Orbeak gaur aurkeztu dute SPRI Taldearen balantzea Bilboko egoitzan egin duten agerraldian. SPRI Taldeak kudeatzen du Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko aurrekontuaren %75, hots, 2012rako esleitutako 381 milioi euroetatik 300 inguru.

   Gomez Damboreneak azpimarratu du Industria Sailak "aldaketa sakona" eragin duela SPRI Taldearen barruan. "Lortu dugu SPRI norabide zuzenean orientatzea eta ahalegin guztiak enpresa sareari zuzentzea", gaineratu du.

   Orbeak nabarmendu du ahalegin handiena 'Resiste' (enpresen finantzaketan laguntzeko programa), 'Compite' (lehiakortasuna hobetzeko programa) eta 'Lidera' ekimenetan egin dela eta etorkizuneko proiektuen aldeko apustua egin dela. "Ingurune lehiakorrak babesteko diru-laguntzak ez dira jada fondo galdura ematen. Erantzukidetasuna eta ondorioz koordainketa sustatu ditugu. Finantzaketa erraztea izan da gure helburua", azaldu du.

   SPRI Taldean 185 lagunek lan egiten dute eta hauexek dira beren ardurapeko arloak: arrisku kapitala, ekintzailetza, nazioartea, teknologia, berrikuntza, informazio teknologiak eta azpiegiturak, non hiru teknologia parkeak, 18 Industrialdeak eta SPRILUR sartzen diren.

   SPRI Taldearen jarduera nagusietako bat da enpresei zuzenean laguntzea, batez ere finantzaketaren aldetik. Azken hiru urteotan SPRI Taldeak merkataritza eta turismo jarduerak ere landu ditu eta programa berriak bultzatu ditu krisiari aurre egiteko, hala nola 'Renove Makina Erreminta', 'Resiste' eta 'Compite'.

   'Resiste' estrategiari esker, azken hiru urteetan, 10.500 milioi euro fakturatzen eta 45.750 langile enplegatzen dituzten 147 enpresa-talderi lagundu zaie.

   Halaber, berfinantzaketak egiteaz gain, 2009tik hona, 388 autonomo eta enpresa txikiri lagundu zaie ekonomiari eta finantzaketari buruzko prestakuntza eskainiz. Laguntza horiek 3,6 milioi eurokoak izan dira.

EKINTZAILETZA

   Ekintzailetzaren arloan, 2009tik hona, laguntzak eman dira 400 enpresa baino gehiago sortzeko eta, beraz, 6.400 lanpostu sortzen eta mantentzen lagundu da 25,6 milioi euroko diru-laguntzen bidez.

   Arlo honetako nobedade bat izan da Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren sorrera, arretarako telefono bakarra eta web-atari bat (www.euskadiemprende.net) eskaintzen dituena. Atari horretan zehatz-mehatz azaltzen dira Euskadin ekintzailetzari laguntzeko dauden 325 bat laguntzak. Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren bidez tramite burokratikoak arindu eta aukera guztiak bideratuko zaizkie negozio berri bat martxan jarri nahi duten ekintzaileei.

   Halaber, 2011. urtean 136 milioi euro bideratu ziren 1.169 proiektutara I+G programen bitartez, hau da, 2010ean onartutako laguntzak baino ia %8 gehiago.

   'Compite' estrategiaren helburu nagusia da enpresen lehiakortasuna hobetzea berrikuntzaz bestelako faktoreak sustatuz. Programa horren bitartez, 2011n, 11,2 milioi euro bideratu ziren 279 proiektutarako, eta diru-laguntzak jaso zituzten enpresetan guztira 25.647 enplegu daude.

NAZIOARTEA

   Nazioartea da SPRI Taldearen beste lehentasunetako bat. Pasa den urtean, 14.938 langile enplegatzen dituzten 193 enpresek aurkeztutako 422 proiektu babestu ziren (%35eko hazkundea 2008arekiko).

   SPRIk atzerrian dituen enpresa-bulegoen sarea 61 herrialdetara hedatzen da (2008an 51 herrialde) eta atzerrira esportatzen duten euskal enpresen kopurua %4 hazi zen iaz 2010arekin alderatuta (2.521 eta 2.429, hurrenez hurren).

   Berrikuntzetako bat izan zen 'Invest in the Basque Country' atzerriko inbertsioa atzemateko erakunde berria sortu izana. Erakunde horren bidez atzerriko inbertsioa lehen aldiz landu da modu sistematiko eta antolatuan.

   Teknologia eta berrikuntza ekarriko duten eta euskal enpresa-sarea osatuko duten enpresak erakartzeaz gain, badu beste helburu bat ere: "aftercare" politika, hots, lehendik instalatuta dauden atzerriko kapitaleko enpresei etengabeko arreta ematea, hemen zabaldu eta hedatu daitezen. Une honetan Euskadin atzerriko kapitaleko 350 enpresa daude, 8.700 milioi euro fakturatzen dituztenak (EAEn sortzen den bolumenaren %9) eta 40.000 langile enplegatzen dituztenak.

   SPRI Taldeak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren 'Lidera' estrategiak ere bultzatu ditu. Etorkizunerako sei proiektu estrategiko dira: ibilgailu elektrikoak, sare adimenduna, gasa, zientziaren industriak, abiadura handiko Internet sarbidea eta merkataritza elektronikoa. Ekimen horiek mobilizatu duten inbertsio publiko-pribatua 95 milioi euro ingurukoa izan da. Era berean, 'Lidera' estrategiak 'Biobasque' eta 'Nanobasque' estrategiak bultzatzen ditu, enpresak biozientzien, nanozientzien eta mikro eta nanoteknologien arloetan  dibertsifikatu daitezen.

   SPRI Taldeak lan garrantzitsua egin du azpiegituren arloan ere. Gaur egun industria-guneen sare zabal bat dauka, 100 industrialde baino gehiagorekin eta hiru teknologia parkerekin, non 39.000 langile baino gehiago enplegatzen dituzten 2.300 enpresa dauden ezarrita.

   Euskal enpresen lana errazteko, SPRI Taldeak bezeroen arretarako zerbitzu bat ezarri du 902 telefono zenbaki baten bidez, lehen existitzen ziren 30 telefono zenbakien ordez. 2011ko martxoan abian jarri zenetik, 28.000 kontsulta baino gehiago jaso dira, ia 3.000 hilero.

   Eskaeren kopurua eta diru-laguntzen zenbatekoa %50 baino gehiago hazi da 2008arekiko, baina hala ere gastu arrunta ia 13 milioi euro murriztu da: 2008an 52,4 milioi euroko gastua egiten bazen, iaz 40 milioi baino ez ziren izan. 30 egunen buruan egin dira hornitzaileei zor zaizkien ordainketen %80, nahiz eta indarrean dagoen epea 50 egunekoa den. Hori guztia, jakina, langile kopurua mantenduz eta antolakuntza hobetuz.