SPRIk Barnetegi Teknologia egingo du ostegunean eta ostiralean Zeanurin (Bizkaia)

Actualizado: miércoles, 13 abril 2011 13:24

BILBO, 13 Abr. (EUROPA PRESS) -

Asturias, Extremadura, Andaluzia, Gaztela-Leon, Katalunia eta Aragoiko ordezkariak bilduko dira Zeanurin (Bizkaia) ostegunean eta ostiralean, SPRIk antolatutako Barnetegi Teknologikoan parte hartzeko.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRIren bitartez diseinatu zuen duela lau urte Barnetegi Teknologikoaren eredua eta iaz Extremadurari eta Andaluziari zabaldu zitzaien prototipo gisa. Extremadurak bere IKTen prestakuntzarako eskaintzan sartu zuen ekimena eta hamar barnetegi eskaini zituen, EAEko metodologia eta irakasleekin.

Lehen barnetegiaren arrakasta eta beste zonalde batzuek produktua ezagutzeko eta inportatzeko duten interesa ikusita, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak gonbidapena zabaldu du eta hitzordua deitu du aste honetarako.

Barnetegi Teknologikoa duela lau urte jarri zen martxan eta helburutzat enpresetako kudeatzaile eta zuzendaritza karguei prestakuntza trinkoa ematea du, ezagutzera emateko zein den teknologia berriek eskain dezaketen balioa. Proiektua berezia da ingurune isolatu batean garatzen delako, hau da, barnetegi formatuan, eta helburu berberak dituzten beste pertsona batzuekin batera. Lau urteko jardueraren ondoren, SPRIk 150 barnetegi antolatu ditu, 517 erakundetako 1.634 zuzendaritza-karguren parte-hartzearekin.

BARNETEGI TEKNOLOGIKOA

Ingurune isolatu eta eroso baten egiten den 24 orduko erretiroa da Barnetegi Teknologikoa, bereziki diseinatua bertaratutakoek beren antolakundeen etorkizunari buruzko gogoeta egin dezaten.

Jardunaldiaren helburua da parte-hartzaileek uler dezatela zeintzuk diren gizartean, enpresan eta negozioen planteamenduetan dauden teknologiek eskaintzen dituzten balioa eta aukerak. Egungo Informazioren Gizartea ulertzea ere bilatzen du, erabaki hobeak hartzeko beren antolakundearen etorkizunari begira.

Barnetegi hauen xede nagusia da bertaratzen direnek argi izan dezatela antolakundeek berehala hasi behar dutela urratsak ematen bide berri honetan, teknologia aprobetxatzeko eta nondik hasi behar duten erabakitzeko.

Barnetegietako taldeetan gehienez 12 pertsona biltzen dira, eta pertsona horiek gai izan behar dute beren antolakundeetan eragina izateko (kudeatzaileak, zuzendaritza karguak...) edo sektore nahiz eskualdeetako kolektiboetan trakzio indarra egiteko ("palanka efektua").