SPRIk eta BECek azokak nazioartean sustatzeko hitzarmena berritu dute

BEC
Foto: Europa Press
Actualizado: lunes, 16 marzo 2015 13:57

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Bilbao Exhibition Centre (BEC) guneak eta SPRI Taldeak azoka profesionalen nazioarteko sustapena egiteko bien arteko lankidetza hitzarmena berritu dute, esaterako, Biemh, Azpikontratazioa, Fitmaq, Sinaval edo Ferroforma azoken sustapena Eusko Jaurlaritzaren Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Kanpo Sarea lanean dabilen herrialdeetan.

   Akordioa burutzeko, SPRIk aukera emango dio BECi azoka horiek bere Kanpo Sarea jarduten duen herrialdeetan zabaltzeko, estatu horietan lanean dabiltzan entitate eta erakunde enpresarial, sektorial eta profesional nagusien bitartez. Era berean, hitzarmenaren baitan, SPRIk konpromisoa hartu du berak eta BECek batera antolaturiko proiektu berriak bilatzeko eta garatzeko. SPRI Taldearen Kanpo Sarea mundu osoko 60 herrialdetan jarduten duten 15 bulegok osatzen dute.

   Ekintza horiek egoki finkatzeko, BECek informazioa emango dio SPRIri sustapena egiten den herrialde bakoitzean bere merkataritza bulegoek erakarritako profesionalak gonbidatzeko bete beharreko baldintza berezien gainean. Halaber, jakinaraziko dio zein diren enpresari interesgarrienak azoka bakoitzerako, unean unekoari loturiko kluster eta elkarteekin batera ezarritako behar eta lehentasunen arabera.

   BEC, era berean, kanpoko enpresek antolaturiko ekitaldiak gauzatzeko esparrua da, eta, nazioarteko azokei begira, SPRIk bere Kanpo Sarearen herrialdeetan hedatzen eta nazioarteko enpresak eta profesionalak erakartzen lagunduko du.

   Halaber, hitzarmen berrituaren arabera, bi erakundeek konpromisoa hartu dute bientzako intereseko proiektu berrien garapenean elkarlanean aritzeko, SPRIren ildo estrategikoekin erlazionaturiko sektoreak edo gaiak azpimarratuta bereziki. Horretarako, bi erakundeek elkarrekin egingo dute lan azoken edo gertakizunen antolaketara bideraturiko balizko sektoreak eta ekimenak aztertzeko, betiere proiektu horiek finantza bideragarritasun ekonomikoa edukiz gero.

   Hitzarmen hau 2005etik dago indarrean, etenik gabe. Harrezkero, 4.200 nazioarteko erosletik gora erakarri dira BECeko azoka profesionaletara SPRIren bitartekaritzaren bidez. Erosleok, bereziki, Mexiko, Brasil, Turkia, Venezuela, Txina, Txile, Argentina, India eta Errusiatik etorri izan dira.