Sprilur-ek Akitaniara esportatu du bere enpresa-guneen kudeaketa eredua

Akitania eta Euskadiko ordezkariak
Foto: IREKIA
Actualizado: viernes, 22 febrero 2013 13:31

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Akitaniako eta, zehazkiago, Bordeleko Hiri Komunitateko (CUB) 11 hautetsik eta teknikarik osatutako talde batek hurbiletik aztertu du gaur, otsailak 22, Eusko Jaurlaritzak Sprilur sozietatearen bitartez kudeatzen duen enpresa-guneen eredua. Jardunaldi honekin amaitu da bi erakundeek gai honi buruz egin duten "Mugaz gaindiko garapen ikuspegiak aglomerazio gune berrietan: praktika onen trukaketa, kasuen azterketa eta konponbide operatibo bateratuak" lankidetza proiektua.

   Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energiako sailburuorde Juan Ignacio Garcia de Motiloak eta Kanpo Harremanetako zuzendari Leyre Madariagak, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herri batzuetako zenbait agintarirekin batera parte hartu dute interes handiko hiru gai hauei buruzko batera-jartze eta eztabaida lanetan: industria sustatzeko politikak; erabilera mistoak: erronka berriak tokiko lurralde antolamendurako; eta araudi sektorialen eragina lurzoru industrialaren garapenean.

   Jaurlaritzak ordezkariek azpimarratu dute udalek eta toki erakundeek hirigintza antolamenduko araudi guztietan duten garrantzia eta eragina erabakigarria dela lurralde baten garapen eta oreka ekonomiko-industriala lortzeko. Gai horietaz eta beren jarduera-esparruetan aplikatutako araudi eta esperientziez gogoeta batzuk egiteko, jardunaldian izan dira Ibon Areso Bilboko Udaleko alkateorde eta Hirigintzako delegatua eta Jose A. Santano Irungo alkatea; Santanok Irunen martxan jarritako Industrialdeak programaren esperientzia azaldu du.

   Ostegunean Gipuzkoako enpresa-gune interesgarrienak bisitatu ondoren, proiektu praktiko bi aurkeztu ziren, Bordeleko Hiri Komunitateak (CUB) eta Sprilur-ek garatu dituztenak lurralde bakoitzeko enpresa-guneak kudeatzeko aplikazio-eredu pilotu gisa.

   Bi lurraldeetan erabiltzen diren lurralde antolamenduko eta enpresa sustapeneko gobernamendu ezberdinak ezagutzeko eta konparatzeko, bi proiektu hauek aukeratu dira: Hernaniko Estubegi industrialdea, non Frantziako hirigintza araudian oinarritutako eredu bat garatu den; eta Merignac-eko Beaudesert industrialdea, non EAErekin erabili ohi den araudia aplikatzen den.

   Sprilur eta Bordeleko Hiri Komunitatearen (CUB) arteko lankidetza proiektu honen helburua da hiriguneen ondoko enpresa-guneen antolamendu esperientziak trukatzea, bide horretatik, kolektibo eta taldeak errazago hurbil daitezen industria- eta enpresa-guneetara eta, modu horretan, sinergiak eta interes sozioekonomiko komunak susta daitezen.

   Hauek izan dira aplikazio bateratuko proiektu hau martxan jartzeko bi aldeei interesgarrienak gertatu zaizkien gaiak: lurra erosteko formulak, industrialdeen sustapena eta garapena enpresa- eta ekonomi-sustapenerako tresna gisa, eta lurrari erabilera mistoa emateko moduak, azken gai hau etekin onena ateratzeko, Akitanian bezala, Euskadin ere hain eskasa den lurzorua bezalako ondasun bati.