SPRILURek, Arabako Industrialdeak eta Beterri Kostako Industrialdeak EMAS europar ingurumen ziurtagiria lortu dute

Actualizado: viernes, 19 diciembre 2014 14:32

BILBO, 19 Dic. (EUROPA PRESS) -

SPRILURek, Arabako Industrialdeak eta Beterri Kostako Industrialdeak egin beharreko urratsak egin dituzte EMAS Europako Ingurumen Bikaintasun Araudian sartzeko. Hiru erakundeek EMAS ingurumen ziurtagiria Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duten erakundeen erregistroan sartzeko prozesua joan den urrian bukatu zuten, eta horrela, dagoeneko 64 EMAS espediente daude indarrean EAEn.

Eusko Jaurlaritzako SPRILUR sozietate publikoaren jardunaren ardatza industrialdeetan garapena sustatzea eta kudeatzea da, urbanizatutako lurzorua egokitzearen bidez eta pabilioi modularrak eta bulegoak eraikitzearen bidez. Instalazio horiek beren enpresa jardueretara egokitutako kokaguneak behar dituzten enpresetara zuzentzen dira, haien lehiakortasuna bultzatzea oinarrizko xedetzat hartuta.

Gainera, SPRILURek bazkide nagusi gisa parte hartzen du Industrialdeak programan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal, foru ladundi eta eskualde eragile publikoekin batera. Industrialdeak programaren helburu nagusia azpiegitura industrialen balioa nabarmentzea da, lurralde oreka eta jasangarritasun irizpideez, prezio lehiakorrekin eta jabetza lortzeko formula finantzario malguak eskainiz.

Horien artean, Arabako Industrialdea eta Beterri Kostako Industrialdea daude, eta biek ala biek beren ingurumen ziurtagiria gehitu diote Urola Garaiko Industrialdeak lortutakoari. "Horren bidez berresten da SPRILUR sozietate publikoak EMAS ingurumen ziurtagiriaren eta Ingurumenaren kontserbazioaren alde egindako apustua", adierazi dute Eusko Jaurlaritzako iturriek.

Industrialdeek rol eredugarria dute beren jarduera gauzatzen duten industrialdeetan. Horietako bakoitzak helburu zehatzak ezarri ditu bere ingurunean sortzen duen eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Aplikatutako neurrien artean, azpimarratzekoa da CO2 xurgatzen duten zoladurak jarri direla, bizikletentzako aparkalekuak jarri direla industrialdera egunero lan egitera etortzen diren langileen mugikortasun jasangarria sustatzeko, edo liburuak jasotzeko edukiontziak jarri direla, haien berrerabilpenerako.