SPRILUReko zuzendari nagusiak dimisioa aurkeztu du etorkizuneko bateraezintasunak saihesteko

Actualizado: jueves, 12 mayo 2011 18:48

BILBO, 12 May. (EUROPA PRESS) -

Jose Manuel Iturrate SPRILUReko zuzendari nagusiak bere dimisioa eman du. Dimisioa indarrean izango da ekainaren 7tik aurrera bateraezintasunak saihesteko, dirudienez Eusko Jaurlaritza Sestaoko La Naval enpresako akziodun bilakatuko baita.

SPRILUR Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko sozietate publikoa da eta lurzoru industrialak kudeatzen ditu. Erakundeko arduradun nagusia La Naval enpresako zeharkako bazkidea da, izan ere Navales del Nortes sozietateko partaidetzak ditu eta hori aldi berean La Naval enpresako kapital sozialeko %12ren jabe da.

Oraindik argitzeko dago bateraezintasunik egongo litzatekeen ala ez, baina Eusko Jaurlaritza La Naval enpresako akziodun bilakatzeko aukeraren aurrean, SPRILUR sozietateko zuzendari nagusiak erabaki du bere kargua utziko duela, "jarrera etiko pertsonalagatik" eta "nire kudeaketan bateraezintasunaren itzalik ere egon ez dadin, ez estetikoki orain eta ez juridikoki aurrerago".

Iturratek bateragarritasun irizpen bat eskatu zuen duela ia bi urte bere kargua hartu zuenean eta abokatu konpainia ospetsu batek eginiko txostenean argi geratu zen La Naval enpresako bazkide eta SPRILUReko zuzendari izatea bateragarriak zirela.

SPRILUReko zuzendari nagusiak joan den astelehenean Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuari eta SPRILUReko Administrazio Kontseiluko kontseilari guztiei igorritako eskutitz batean azaldu ditu bere dimisioaren arrazoiak. Oraingoz karguan jarraituko du ekainaren 7a arte, hots, Kontseiluaren hurrengo bilera egin arte. Bere ordezkoaren izena datozen asteetan jakinaraziko du SPRI taldeak, SPRILUR SPRIren barnean baitago.

KUDEAKERA "OSO POSITIBOA"

Bi urte hauetan Jose Manuel Iturratek SPRILUReko zuzendari gisa egin duen kudeaketa "oso positiboa" izan dela esan dute SPRI taldeak eta Bernabe Unda sailburuak.

Duela hamar urtetik blokeatuta egon den Gasteizko VIAP (Vitoria Industrial Air Park) enpresa-parke berriaren proiektua desblokeatzea lortu du 60 milioi euroko inbertsioarekin, duela hamar urtetik tramiteetan zegoen Barakaldoko Burtzeña Enpresa Parkea ere abian jarri du 120 milioi euroko inbertsioarekin eta, besteak beste, Zuatzu Enpresa Parkea, Irungo Araso Industrialdea eta Eibarko Matxaria Industrialdea amaitu ditu.

Gainera, SPRI taldeko azpiegituren berrantolaketa zuzendu du eta teknologia-parkeen eta SPRILURen arteko koordinazioa eta integrazio funtzionala bideratu ditu.

Euskaditik kanpo ere hainbat proiektu gauzatu ditu; aipatzekoa da MITKE proiektu europarrean eginiko lana edo Espainia mailan Enpresa Industrialdeen Espainiako Konfederazioan sartu izana. Horiez gain, hitzarmenak sinatu eta lankidetza garatu du SEPES, Empresa Andaluza del Suelo EPSA eta Kataluniako INCASOL eta beste hainbat enpresarekin.