Sprilurrek 24.400 metro koadro merkaturatu ditu 13 enpresentzat 2016ko lehen seihilekoan

Sprilurrek kudeatutako industrialde bat
SPRILUR
Actualizado: viernes, 22 julio 2016 10:00

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko Sprilur SPRI Taldearen lurzoru eta pabilioi industrialak kudeatzen dituen sozietate publikoak 13 kontratu berri formalizatu ditu 2016ko lehen seihilekoan, Administrazio Kontseiluan onartuak izan ondoren, eta 24.395 metro koadro merkaturatu ditu. Iragan ekainean bakarrik, enpresa guneetan jarduera ekonomikoak kokatzeko zortzi eskaera baliozkotu ziren.

Sprilur sozietateko arduradunek nabarmendu dutenez, operazio horiek berretsi dute sozietate publikoak azken urteetan detektatu dituen sintomak, lurzoru eta pabilioi industrialen eskaera suspertzen ari dela diotenak. Aurreko urteko aldi beraren aldean, eskaera %80 hazi da.

Horrela, ekaina arte 24.395 metro koadroko azalera merkaturatu da guztira, eta 13 enpresa kokatuko dira bertan: zortzi Bizkaian (Pinoa-Zamudio, Ballonti-Portugalete, II-Ortuella, Axpe-Erandio, Arangoiti-Gueñes poligonoetan), lau Gipuzkoan (Kurutz Gain-Mendaro, Matsaria-Eibar eta Epele-Hernani poligonoetan) eta bat Araban (Gasteizen, Azucarera eraikinean).

HERRIALDEKA

Herrialdeka, Bizkaian 4.773 metro koadroko azalera kontratatu da gutxi gorabehera, eta Gipuzkoan 19.520 metro koadrokoa (Hernanin interes estrategikoko enpresa bat kokatuko delako). Araban, aldiz, enpresa berri bat sartuko da lehendik Gasteizko Azucarera eraikinean instalatuta dauden beste zortzi konpainien ondoan; bederatzi enpresa horiek 1.684 metro koadro okupatzen dituzte guztira eraikin berezi horretan, zeina euskal ondare historiko industriala bezala sailkatu baitzen 2000. urtean.

Merkaturatutako azalera osotik, 9.535 metro koadro erosketa aukera duten alokairu eta errendamendu operazioak izan dira, eta 14.860 metro koadro, berriz, salmenta zuzenak. Enpresa horietatik zazpik alokairu kontratu sinpleak aukeratu dituzte, bi enpresak lursail urbanizatuak erosi dituzte, eta gainerako laurek hiru, bederatzi eta hamabi urterako erosketa aukera duten errentamenduaren formula baliatu dute. Operazio horien negozio zifra 4,8 milioi euro ingurukoa izango da.

Enpresek egingo dituzten jardueren artean hiru dira aipatzekoak: eskuetako trebetasuna lantzeko joko patente bat ekoitzi eta garatu, mugikortasun murriztua duten pertsonak igotzeko plataforma bat diseinatu eta egin, eta egitura metalikoak fabrikatu. Bestelako jarduerak ere egingo dira, hala nola arkitektura diseinua, trokelgintza, telekomunikazio sistemak, automozio sektoretik eratorritako jarduerak, I+Gn eta sostengarritasunean oinarriturik fatxadak birgaitzeko zerbitzuak eta, oro har, zerbitzu sektoreko jarduerak.