Stanley Clarke, Joe Lovano eta Avishai Cohen Getxo Jazzen izango dira

Joe Lovano Getxoko jazzaldiko izar nagusietako bat izango da
Foto: GETXO JAZZ
Actualizado: jueves, 12 marzo 2015 17:22

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   Getxoko 39. Nazioarteko Jazzaldia uztailaren 1etik 5era ospatuko da, eta saio nagusien egitarauak dagoeneko baditu lehenengo izen handiak: Stanley Clarke, Joe Lovano eta Avishai Cohen.

   Jaialdiaren lehenengo egunean, uztailaren 1ean, egungo eszenako tronpetista nabarmenetakoa den Avishai Cohen arituko da. Uztailaren 3an Joe Lovanoren txanda izango da, duela hiru hamarkadatik hona saxo tenorearen erreferentzia bilakatu dena, hain zuzen ere, eta uztailaren 4an, Stanley Clark izango da protagonista, jazzaren eszenan baxu elektrikoa sartzearen aitzindarietako bat.

   Getxoko jazzaldiko saio nagusien eskaintza beste bi kontzerturekin osatuko da, eta gainera, Talde Lehiaketako eta Hirugarren Milurtekoa ataleko saioak eta jam session saioak ere izango dira, Getxoko Kultur Etxeak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

   Avishai cohen (1978, Tel Aviv, Israel) bere belaunaldiko tronpetista onenetarikoa da. Bebop eta post-bop estiloetan hazia, beste musika korronte batzuetara jo du azken urteotan inprobisazioan zein musikagintzan. Hamar urte zituela hasi zen musikan eta mundu osoko agertokietan aritu zen Gazte Israeldarren Orkestra Filarmonikoarekin.

   Bostoneko (AEB) Berklee College of Music eskolan ikasteko beka jaso zuen eta bertan borobildu zuen bere trebakuntza. New Yorkeko eszenatokietan ikuspegi artistiko xelebrea garatu zuen eta jarraian artista ospetsuekin jotzen hasi zen, esaterako, Dave Douglas, Gerald Clayton eta Enrico Ravarekin.

   Guztira, sei disko grabatu ditu taldeko buru bezala. Duela gutxi "Dark Nights" kaleratu du, "lirismo intimista eta birtuosismo beroa" uztartzen dituena, klasikoak eta konposizio originalak interpretatzen. Getxon, Cohenek hirukotea osatuko du Omer Avitalekin (kontrabaxua) eta Nasheet Waitsekin (bateria).

   Joe Lovanori (1952, Cleveland, AEB) dagokionez, jazz zirkuituko saxo tenore garrantzitsuenetakoa da. Berritzaile, espontaneo eta inprobisatzaile handia, 1970eko hamarkadaren erdialdean hasi zen jotzen George Bensonekin eta Woody Hermanen eta Mel Lewisen orkestrekin. 1980ko hamarkadan gaur egungo saxo jotzaile handien artean nabarmendu zen eta 1985ean lehen diskoa grabatu zuen: "Tones, Schapes and Colors".

   1991n hamarkadako disko ospetsuenetariko bat argitaratu zuen: "From the Soul". Egungo jazzaren "erabateko erreferentzia" da disko hori eta XX. mendeko azken laurdeneko jazz disko handienetakoa, kritikarien iritziz. Lan horri esker, Lovano jazz eszenaren gailurrean finkatu zen, eta, ordutik hona, bere ospea etengabe zabaldu da, talde ezberdinen buru. Getxoko jazzaldian laukotean arituko da, Lawren Fieldsekin (pianoa), Linda Ohrekin (kontrabaxua) eta Joey Baronekin (bateria).

STANLEY CLARKE

   Soul eta rock musiken eskutik eman zituen lehenengo urratsak Stanley Clarkek (1951, Philadelphia, AEB), jazz rock delako estiloaren esparruan. Chick Corearekin batera Return to Forever taldea eratu zuen, fusio eszenako talde aitzindaria. Ondoren, mota anitzeko proiektuetan aritzea erabaki zuen.

   Jazzean zein beste musika generoetan jakin-min handia erakutsi du eta, hori dela eta, muturreko garbitasunari eta ortodoxiari loturiko kritikari batzuek gutxietsi egin dute. Frank Zapparen taldeko teklatu jotzailea den George Dukerekin "Clarke-Duke Project" taldea sortu zuen eta bere ideia musikalak adierazteko bide egokia aurkitu zuten.

   Teknika eta birtuosismo apartarekin, Jaco Pastoriusekin batera, baxu elektrikoa sartu zuen lehenengo aldiz jazzaren munduan. Getxo Jazzen honako musikari hauekin ariko da Clarke: Beka Gochiashvili (pianoa), Cameron Graves (teklatuak) eta Michael Mitchell (bateria).