Stock Euskadi azokak 3.000 euro emango dizkio La Gota de Leche ongintzazko elkarteari

Stock Euskadi eta La Gota de Leche
STOCK EUSKADI
Actualizado: lunes, 19 febrero 2018 18:19

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

La Gota de Leche Bilbao ongintzazko elkarteak Stock Euskadi azokaren 3.000 euroko dohaintza jasoko du hurrengo edizioan. Outlet azoka martxoaren 2tik 4ra egingo da, Barakaldoko BECen (Bizkaia). Gizarte bazterketa egoeran dauden Bilboko 600 familia baina gehiagori eta 1.280 ume baino gehiagori arreta eskaintzen dien elkartea da La Gota de Leche.

Rafael Soto presidenteak eta Julio Piñeiro koordinatzaile eta diruzainak astelehen honetan sinatu dute lankidetzarako akordioa Francisco Garcia Stock Euskadi azokako zuzendariarekin. Dohaintza BECen bertan egingo da ofiziaki, azoka egiten ari den bitartean.

Stock Euskadiko zuzendaria pozik agertu da dohaintzarekin, "oinarrizko gauzak behar dituen, gizarte bazterketa egoeran dagoen eta La Gota de Leche elkarteak egiten duen lan bikainaren onurak jasotzen dituen kolektiboari, txikienek osatutakoari" laguntza eman ahal izateagatik.

Halaber, ongintzazko elkarteko ordezkariek adierazi dutenez, dohaintzaren jomuga Bilboko umeen eta beren familien alde egiten den lanarekin jarraitzea izango da. Dirua Aste Nagusian eta Gabonetan erabiliko dute, "janaria emanez, aste osoan 200 umek askaria eta gosaria izan dezaten", eta "Olentzeroren Gala Solidarioan banatzeko opariak eta jostailuak erosteko", hurrenez hurren.

Sortu eta 100 urte baino gehiago igaro direnean, La Gota de Leche elkarteak lanean jarraitzen du gaur egun XXI. mendean gizarte bazterketa arriskuan dauden familien bizitza baldintzak hobetzeko, arreta berezia eskainiz egoera hori jasaten ari diren umeei. Stock Euskadiren dohaintzari esker, elkarteak funts gehiago izango du, egoera zaurgarrian dauden eta umeak dituzten familiei laguntzen jarraitzeko.

Stock Euskadiren hamalaugarren edizioan, azokaren aurreko edizioetako dohaintzak jaso dituzten elkarteen zerrendan sartuko da La Gota de Leche elkartea. Aurreko edizioetan hauek izan dira dohaintza jaso dutenak: Garate Enea 4. Munduarekin Elkartasunerako Elkartea, Adembi, Gorabide, Cáritas Bizkaia, Euskadiko Unicef eta Minbiziaren kontrako Bizkaiko Elkartea.