Substantzia kimikoak erabiltzen dituzten sektoreetako estrategia bat aktibatu dute Eusko Jaurlaritzako lau sailek

Actualizado: jueves, 19 mayo 2011 14:20

BILBO, 19 May. (EUROPA PRESS) -

Substantzia kimikoak erabiltzen dituzten sektore guztientzako estrategia bat aktibatu dute Eusko Jaurlaritzaren lau sailek. Europako REACH araudiak mota horretako substantziak erabiltzen dituzten sektore ekonomiko guztietan du eragina, eta baita hornikuntza-kate guztian ere (fabrikatzaileak, inportatzaileak, banatzaileak, bitarteko erabiltzaileak eta laneskua).

Europar Batasunak 2007ko ekainean jarri zuen abian REACH araudia. Substantzia kimikoekin lotuta dago, eta sektore ugari hartzen ditu eraginpean, zehazki, horrelako substantziak bere ekoizpen-prozesuetan erabiltzen dituen edozein industria, nahiz fabrikatzaileak, inportatzaileak, banatzaileak, bitarteko erabiltzaileak eta laneskua. Araudiak hainbat betebehar garrantzitsu ekarri zituen epe mailakatuetan, eta gaur egun araudiaren erabateko aplikaziora heltzen ari gara, Eusko Jaurlaritzatik adierazi dutenez.

REACH araudiaren helburua "giza osasunaren eta ingurumenaren babes-maila altua bermatzea" da, bai eta "substantzien arriskuak ebaluatzeko metodo alternatiboen sustapena eta substantzien zirkulazio librea kanpo-merkatuetan eta lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatzea" ere.

Helburu horiekin, estrategia komun bat abiarazi dute Eusko Jaurlaritzaren lau sailek: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Osasun eta Kontsumo Sailak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak (Osalanen bitartez), eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak.

Administrazioen arteko eta enpresa-munduan sartutako eragileekiko lankidetza sustatzea da estrategia horren jomuga. Halaber, araudi hori betetzeko jomuga ere badu, osasunaren eta ingurumenaren babesa bermatzeko xedez.

Aipatutako lau sailek koordinazio-mahai bat aktibatu dute REACH Bulegoko Euskadiko arduradun gisa, eta koordinazio-mahai horretan Aduanetako eta Aclima Euskadiko Ingurumen Industrien Kluster Elkarteko hainbat arduradun ere badaude. Orobat, Espainiako Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioarekiko komunikazioa ere sustatzen da.

LAN-POLTSA

REACH bulegoaren bitartez enpresei laguntzeko zerbitzu bat ere eskaini nahi da, telefono eta internet bidezko arreta emanez, eta baita hainbat sektore-gidaliburu tekniko sortu eta enpresei zuzenduriko zuzeneko aholkularitza faboratu ere. Halaber, web-plataforma bat eta foro bat ere txertatzen ari dira; adituz osatutako hainbat talde gonbidatuko dira horietara, eta lan-poltsa bat hartuko dute barnean.

Estrategia berri horrek prestakuntza arautua (graduondoko master baten eta hainbat unibertsitate-espezialistaren bitartez) nahiz ez arautua abiaraztea biltzen du.

REACH substantzia kimikoak eta horien nahasketak erregistratzeari, ebaluatzeari, baimentzeari eta murrizteari (Registration, Evaluation, Authorisation and Restriction of Chemicals) buruzko Europako araudia da, eta gai horren gainean Europar Batasunean dagoen lege-esparrua erabat erreformatzea dakar.

Europar Batasuneko (EB) merkatuan substantzia kimikoak -berezkoak edo nahasketa modukoak- sartzen dituzten guztiei (urteko tona batetik aurrera) erregistro bat egiteko betebeharra ezartzen die araudi horrek, substantzien fabrikatzaileei nahiz inportatzaileei. Gauzakien ekoizleek ere gauzaki horiek dituzten substantziak erregistratu beharko dituzte, betiere baldintza jakin batzuk betetzen badituzte.

REACH araudiak baimen-sistema bat ere ezartzen du, kezka handia sortzen duten substantziak behar bezala kontrolatzen direla bermatze aldera, eta baita arrisku onartezina dakarten substantziak murrizteko sistema bat ere. Orobat, hornikuntza-sistema osoan informazioa elkartrukatzeko mekanismo eraginkorragoak ere aurreikusten ditu.

Lotura estua du CLP araudiarekin; CLP substantzia eta nahasketa kimikoak sailkatzeari, etiketatzeari eta ontziratzeari buruzkoa da, eta horren bitartez, Nazio Batuen Sistema Globalki Bateratuaren (Nazio Batuen Erakundearen SGA, gaztelaniaz) sailkapen- eta etiketatze-irizpideak txertatzen dira Europar Batasunean. Substantzia eta nahasketa kimikoen arriskuei buruzkoa da CLP araudia, eta beste pertsonak horien jakinaren gainean nola jarri behar diren adierazten du.