Supermerkatuetan zulo bat eginda lapurtzen espezializatutako talde bat desegin dute

Operazioan konfiskaturiko materiala
ERTZAINTZA
Actualizado: jueves, 12 enero 2017 13:59

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Ertzaintzak merkataritza saltoki handietan zulo bat eginda lapurretak egiten zituen talde bat desegin du, eta abenduaren 27an, Arrasaten eta Deban, 28 eta 24 urteko bi gizonezko atxilotu zituen, itxuraz, taldeko burua eta kide bat, hurrenez hurren. Establezimenduetako teilatuetan zuloa eginda sartzen ziren lokaletara -azkena Oiartzunen-, eta ondoren, kutxa erregistratzaileen konexio sistemaren bidez iristen ziren kutxa nagusiko dirura.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, zenbait ertzain etxek koordinaturik lan egin dute orain desegin den taldearen jarraipena eta zaintza egiteko, eta Gabonetako kanpaina bete-betean supermerkatu batean beste lapurreta bat prestatzen ari zirenean desegin du Ertzaintzak taldea.

Azken lapurreta Oiartzungo supermerkatu batean egin zuten, abenduaren 11ean. Teilatutik sartu ziren barrura, metalezko hainbat plaka askatu eta moztu ondoren. Alarmak indargabetu zituzten, eta sabai aizunetik aurrera egin zuten kutxa gotorreraino. Bertan, kutxa erregistratzaileen konexio sistema manipulatu zuten, kutxetatik datorren dirua eskuratzeko.

Lapurreta horren ondoren, jakin zen huts egindako beste bi saio ere egin zituztela Gernikako eta Ordiziako establezimendu banatan. Horietan ere zuloak aurkitu zituzten teilatuan. Polizia patruilen presentzia prebentiboari esker bertan behera geratu ziren saiakera horiek.

Ertzaintzak egindako ikerketei esker, bandako balizko bi kide identifikatu ahal izan ziren, eta lapurretak egin ziren egunetan eta inguruetan bertan izan zirela egiaztatu ahal izan zen, itxuraz lapurreta horiek prestatzeko lanetan.

Abenduaren 27an atxilotu zituzten identifikatutako bi kideak, bat Arrasaten eta bestea Deban. Ondoren, haien etxebizitza miatu zuten, eta bertan lapurretak egiteko erreminta espezializatuak aurkitu zituzten: sarraila zilindroak ateratzeko gailu bat, metalezko xaflak mozteko gailuak, zulagailuak, rotaflexak eta abar.

Era berean, zaintza lanetarako puntako teknologiako tresnak aurkitu zituzten, hala nola mikrokamerak edo eremu neurgailuak, seinaleak aztertzeko eta establezimenduetako segurtasun gailuak manipulatzeko. Aparatu horietako bat, 6.000 euro inguruko balioa duena, Lazkaoko enpresa batetik lapurtutakoa zen.

Bestalde, etxebizitzako bainugelan hainbat mila euro aurkitu zituzten ezkutatuta. Ertzaintzak epailearen esku jarri zituen atxilotuek haien joan-etorrietan erabiltzen zituzten bi ibilgailu. Bi atxilotuek delitu aurrekariak dituzte eta epailearen esku utzi dituzte. Horietako bat, taldeko ustezko burua, espetxeratu egin dute, eta beste kidea aske geratu da, baina karguak ditu.

Ertzaintzaren ikerketek zabalik jarraitzen dute atxilotuek egin ahal izan dituzten beste lapurreta batzuk argitzeko eta taldeko balizko beste kideak identifikatzeko eta aurkitzeko.