Surfaren lehen mailara itzultzen saiatuko da datorren urtean Aritz Aranburu

Aritz Aranburu
BASQUE TEAM
Actualizado: lunes, 21 diciembre 2015 12:52

BILBO, 21(EUROPA PRESS)

   Aritz Aranburu surflari zarauztarrak munduko elitera itzultzen saiatuko da 2016. urtean, "denboraldi ilusionagarria" amaitu ondoren, munduko sailkapeneko 38. postua lortuta. Fadurako (Getxo, Bizkai) Kirol Teknifikazioko Zentrora egindako bisitaldian egin dizkio adierazpenak beka bidez laguntzen dion Basque Team fundazioari.

   "2015eko balantzea oso positiboa da, 2014a World Championship Tour zirkuitura itzultzeko zorian amaitu ondoren. Zirkuitu alternatiboan lehiatu naiz, baina beste kirolari batzuen lesioak direla eta, kategoria goreneko zenbait txapelketatan parte hartzeko deitu didate. Gainontzekoek baino proba gutxiago nituenez gero, ezin nintzen lehiatu, bistan da, baina garrantzitsua da hor egotea, beti da atsegina onenen artean lehiatzea, oso esperientzia ona izan da", azaldu du.

   Abuztuan Tahitin jokatutako txapelketa izan zen unerik onenetako bat. "Oso gustuko" duen lehiaketa da, indar handiko olatuak egoten direlako bertan, eta txanda pare bat "oso ondo" egin nituen, munduko titulua jokatzen ari ziren kirolari batzuk kanpoan utziz. "Uretan onenekin batera lehiatzea amets handia bada ere, horietako batzuk gainditzea sekulakoa da", azpimarratu du.

   Urtea munduko sailkapeneko 38. postuan amaitu du Aranburuk. Bere hitzetan, "ezin da askoz ere postu hobea lortu, zirkuitua osatzen duten proben erdiak jokatzeko aukerarik izan ez dudan heinean, baina lehen esan dudan moduan, noiz edo noiz, lesioengatik izandako bajak estaltzeko dei egin didate. Niretzat, rankingak ez zuen zentzu handirik aurten, eta ondorioz, nire ardura nagusia jardun ona egitea izan da parte hartu dudan txapelketa guztietan. Horren haritik, oso pozik nago".

   Urte berrira begira, lehiatzeko "irrikitan" dagoelsa esan du, eta "azken orduko aldaketa gutxiago" izango dituen egutegi finkoagoa izango dula uste du, eta, "hala baldin bada, ahalik eta ahaleginik handiena" egingo duela surfaren lehen mailan egoteko.

   Aritz Aranburu (Zarautz, 1985-08-30) Europako bosgarren surflaria izan zen 2007an WCTra iristean, eta ondorengo bi denboraldietan, olatuen kirolaren lehen mailan mantendu zen, munduko 45 surflari onenekin norgehiagokan. Aranburu profesionala da 2005etik, eta 2007an Europako Txapelketa irabazi ondoren, 2008an aintzatespen ugari jaso zuen, Eusko Jaurlaritzak urteko kirolaririk onenari ematen dion Euskadi Saria barne. Han-hemenka lortu dituen garaipenen artean, Kelly Slater munduko txapeldunari hamar aldiz gailendu izana nabarmemtzen da.