Suso de Toro eta Marius Serra literatura galegoaz eta katalanaz ariko dira astearte honetan, Bilbon

Suso de Toro
NUMAX
Publicado 2018/02/13 10:22:32CET

BILBO, 13 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak antolatzen duen "Eztabaidak literaturarekin" ekimenak Suso de Toro eta Marius Serra idazleak elkartuko ditu astearte honetan, otsailaren 13an. "Katalunia/Galizia. Bi hizkuntza, bi literatura" izenburuko topaketa Juan Carlos de Rojo kazetariak moderatuko du, eta katalanez eta galegoz idatzitako literaturan jarriko du arreta, beren hizkuntzarekin konprometituta dauden bi egileren eskutik.

Topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrera librea izango da eserleku guztiak bete arte, eta inor ezin izango da sartu ekitaldia hasi eta gero. Dena den, streaming bidez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunetik, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Suso de Torok galegoz idazten du eleberria, antzerkia eta saiakera, baita telebistarako gidoiak eta prentsa artikuluak ere. Idatzi dituen lanen artean azpimarragarria da 2003an Espainiako Narrazio Sari Nazionala eman zion "Trece badaladas". Horrez gain, hiru aldiz irabazi du galegoz idatzitako Kritikaren Narrazio Saria. Otsail honetan argitaratuko du "Fóra de si" eleberri berria, duela ia zortzi urte literatura utzi eta irakaskuntzara itzuli behar zuela iragarri zuenetik egin duen lehenengo lana.

Bestalde, Marius Serra Ingeles Filologian lizentziatua eta ingeles irakaslea da. Arrakasta lortu zuen 1996an argitaratutako "Mon oncle" lanarekin. Idazle eta hainbat komunikabidetako zutabegile izateaz gain, enigma, hitz jolas eta ludo hizkuntzalaritzaren fenomeno guztien aztertzaile eta bildumazalea da. Hainbat sari lortu dituzten kontakizunak eta eleberriak idatzi ditu, horien artean Ramon Llull eleberri saria, "Farsa" (2006) lanari esker. 2013tik Ikasketa Katalanen Institutuko kide da. Bere hurrengo liburua martxoan argitaratuko dela aurreikusten da: "La novel.la de Sant Jordi".