Suspertuk elkarretaratzera deitu du asteazken honetan Bilbon, bere langile batek jasandako eraso arrazista salatzeko

Actualizado: martes, 7 julio 2015 12:08

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   EDE Taldeak sustatutako Suspertu S.L. gizarteratze enpresak elkarretaratze isil batera deitu du asteazken honetan, uztailaren 8an, Bilbon, Simon Bolibar eta Areiltza Doktorea kaleen arteko izkinan dagoen oinezkoentzako gunean, eguerdiko 12:30etik 12:40ra, bere langile batek jasandako eraso arrazista salatzeko.

   Duela hamar egun, Suspertu S.L. enpresako langile batek "eraso arrazista nabarmena" pairatu zuen igande goizean, garraio publikoan lanera zihoala, Sopelako (Bizkai) festak zirenean. Berehala artatu zuten, eta erasotzaileak, neska eta mutil gazteak, identifikatu eta salatu zituzten.

   EDE Taldea osatzen duten erakunde guztiek (Suspertu S.L., EDE Fundazioa, Suspergintza Elkartea eta ST3 Elkarteak), gobernu organoek, langileen ordezkariek eta Ostargik (EDE Taldearen entitate sustatzailea) gertaera salatu nahi dute.

   Hori dela eta, EDE taldeak jakinarazi duenez, elkarretaratze isila egingo dute asteazken honetan, 12:30etik 12:40ra, Bilboko Simon Bolibar eta Areiltza Doktorea kaleen arteko izkinan dagoen oinezkoentzako gunean.

   Horrekin batera, EDE Taldeak gertatutakoa jakinarazi dio Eusko Jaurlaritzako Eraberean sareari. Taldeak, hain zuzen ere, sare horretan parte hartzen du, eta bere helburua diskriminazioa borrokatzea da, arrazazkoa, etnikoa edo nazionala. Sexu eta genero diskriminazioak ere borrokatzen ditu sare horrek.