Su Ta Gar eta The Great Barrier, larunbatean Getxoko Ereaga hondartzako aparkalekuan

Su Ta Gar larunbatean Ereagan
Foto: GETXOKO KULTUR ETXEA
Actualizado: jueves, 7 mayo 2015 11:27

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Su Ta Gar eta The Great Barrier taldeek kontzertua eskainiko dute larunbat honetan, maiatzaren 9an, Getxoko (Bizkai) Ereaga hondartzako aparkalekuan. Emanaldia 21:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da, Getxoko Kultur Etxeko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

   Oholtzara igoko den lehen taldea The Great Barrier Uribe Kostako seikotea izango da. Duela bost urte sortu zen, 2012an Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketan saritua izan zen, eta bi urte eta erdi geroago "Winter Greets You" lehen diskoa atera zuen, indie pop, rock eta folk doinuak uztartzen dituena. Taldearen eraginen artean, Calexico, Low eta Belle & Sebastian daude.

   Talde bizkaitarraren ostean Su Ta Gar igoko da taulara, aurkezpen gutxi behar duen euskal metalaren talde garrantzitsuena. 1987an sortu zen taldea Eibarren. Hasieratik estereotipoak apurtu zituen eta bandaren hitzei kritika politiko eta soziala zerizkien. Judas Priest, Iron Maiden, Annihilator eta Metallica dituzte eragin nagusi.

   "Jaiotze basatia" eta "Hortzak estuturik" lehenengo diskoekin lekua hartu zuten musika eszenan. Horien ondoren "Munstro hilak", "Sentimenak jarraituz", "Agur jauna gizon txuriari" eta beste 11 lan gehiago etorri ziren. Orain arteko azken lana "Bizirik gaude" da.

   Su Ta Gar taldeak 900 kontzertu baino gehiago egin ditu bere ibilbidean zehar, eta Manowar, Slayer, Judas Priest, Saxon, Helloween, Gamma Ray, Platero y Tú, Reincidentes, Mago de Oz, Barón Rojo, Obus, Berri Txarrak eta Soziedad Alkoholika moduko taldeekin jo du.