Tabakalerak 2018an ikus-entzunezko proiektu bat garatzeko egonaldi deialdia egin du

Erakusketa bat Tabakaleran
TABAKALERA
Actualizado: martes, 16 mayo 2017 12:39

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

Tabakalera Donostiako Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroak egonaldi programaren 2018ko edizioan ikus-entzunezko proiektuei dagokien modalitatean parte hartzeko epea ireki du. Programaren bidez ekoizpenean laguntza eta babesa eman nahi zaie artista, sortzaile eta kultur eragileei euren ekimenak gara ditzaten, zentroko arduradunek azaldu dutenez.

Ekainaren 15era arte irekita izango da deialdian eskakizunak aurkezteko epea. Aurkeztutako proiektuetatik bat hautatuko da, bere sortzaileak 4 eta 12 aste bitarteko egonaldia egin dezan 2018ko otsaila eta ekaina bitartean edota urte bereko iraila eta abendua bitartean. Aukeratutako proiektu artistikoa baldintza egokietan gauzatzeko beharrezko espazioa, testuingurua eta denbora eskainiko dira.

Bidali beharreko dokumentazioari, zuzkidurari eta bestelako baldintzei buruzko informazio xehea hemen aurki daiteke: https://www.tabakalera.eu/eu/ikus-entzunezko-proiektu-baten-garapenerako-egonaldi-deialdia-1

Bestalde, aipatutakoaz gain, 2018ko egonaldien deialdiak beste lau modalitate ere hartzen ditu barne: proiektu artistikoak, elkarlanean garatutako proiektu artistikoak, ikerketa artistikoa eta komisariotza. Horietan guztietan izena emateko epea apirilaren hasieran ireki zen eta maiatzaren 30era arte luzatuko da.