Tabakalerak 2018ko egonaldien deialdia zabaldu du

Tabakaleran egonaldia egin zuen Sandra Cuesta artistaren argazkia
TABAKALERA
Actualizado: martes, 4 abril 2017 14:51

DONOSTIA, 4 Abr. (EUROPA PRESS) -

Tabakalera Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak egonaldi programaren 2018ko edizioan parte hartzeko epea ireki du. Programaren bidez, zentroak laguntza eta babesa eman nahi die ekoizpenean artista, sortzaile eta kultur eragileei, euren ekimenak garatu ditzaten. Maiatzaren 30era arte irekita izango da deialdira eskakizunak bidaltzeko epea.

Guztira zazpi proposamen artistiko hautatuko dira, sortzaileek lau eta hamabi aste bitarteko egonaldiak egin ditzaten 2018ko otsaila eta ekaina bitartean edota urte bereko iraila eta abendua bitartean. Aukeratutako proiektu artistikoak baldintza egokietan gauzatzeko beharrezko espazioa, testuingurua eta denbora eskainiko dira egonaldi guztietan. Programaren helburua da egoiliarren eta eragile gonbidatuen arteko lankidetzak gertatzea ahalbidetuko duen gune bat sortzea.

Deialdiak lau modalitate hartzen ditu barne, eta horietako bakoitzak bere helburu, zuzkidura eta iraupen propioak izango ditu. Proiektu artistikoen deialdiaren xedea da egonaldi bat eskaintzea proiektu artistikoen ekoizpenerako. Deialdiak izaera desberdinetako proiektuak ditu helburu, arte diziplina edo formatua kontuan hartu gabe. Deialdian parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) bizi diren artista edo eragile kulturalak, bai eta estatukoak eta atzerritarrak ere. Aurkeztutako proiektu guztietatik lau proposamen aukeratuko dira, eta horietatik bi EAEn bizi diren artistak izango dira.

Bestalde, elkarlanean garatzeko proiektu artistikoen deialdiaren helburua da EAEn bizi den artista edo kultur eragile bati EAEtik kanpo bizi den artista edo kultur eragile bat gonbidatzeko aukera eskaintzea, elkarlanean proiektu artistiko bat garatu dezaten. Deialdira aurkezten diren proposamen guztietatik proiektu bat aukeratuko da.

IKERKETA ARTISTIKOA

Halaber, ikerketa artistikoaren modalitateak ikerketa artistikoko proiektuen garapena sustatu nahi du. Bere baitako egonaldiak bi zati izango ditu: batetik, ikerketa bera, egonaldiaren hiru hilabeteetan gertatuko dena eta, bestetik, ikerketa prozesutik eratorritako jardueren programa. Deialdian parte hartu ahal izango dute EAEn bizi diren artista edo eragile kulturalak, bai eta estatukoak eta atzerritarrak ere. Deialdira aurkeztutako proiektu guztietatik proposamen bakarra hautatuko da.

Azkenik, komisariotza modalitatearen bidez komisarioei laguntza eman nahi zaie 2019ko udazkenean Tabakalerako erakusketa aretoetan gauzatuko den erakusketa proiektu bat garatzeko. Deialdira aurkeztutako proiektu guztietatik proposamen bakarra hautatuko da.

Lau modalitateez gain, datozen asteetan beste baten izena emateko epea irekiko da. Modalitate horretan ikus-entzunezko izaera duten bi proiektu aukeratuko dira egonaldiak gauzatzeko.