Talentu Berritzailea programan izena emateko epea ireki dute Donostian

Actualizado: lunes, 24 noviembre 2014 18:09

DONOSTIA, 24 Nov. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Sustapenak Talentu Berritzailea programaren bigarren edizioa abiarazi du, 2014ko Ekonomia Suspertzeko bere Planaren barnean. Helburua da langabe donostiar gazteak kontratatzeko laguntza ematea, proiektu berritzaile edo ikerketa proiektu batekin tokiko enpresa edo erakunde baten lantaldean sartuko direnak. Iazko edizioko emaitzen arabera, parte hartu zuten gazteen %50ak lanean jarraitu du.

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, programa honetan parte hartu ahalko dute 2014ko irailaren 1etik 2015eko otsailaren 2ra bitartean kontratazio beharrak izandako proiektuek. Kontratu bakoitzeko zenbatekoa 8.000 euroraino hel daiteke lanaldi osorako, gutxienez hiru hilabeterakoa bada eta %100eko lanaldia bada, edo sei hilabetekoa lanaldia %50ekoa bada.

Talentu Berritzailea programaren erakunde onuradunak, beraz, tokiko enpresa eta erakunde publikoak nahiz pribatuak izan ahalko dira, tokiko proiektuak sustatzen dituztenak ezagutzan oinarrituta, berritzaileak direnak eta hiriaren etorkizuneko garapenean eragina dutenak.

Programaren xedea hiriko talenturako aukera profesionalak sortzea da, eta, hala, jarduera berritzailea sustatzea. Hori dela eta, Donostiako Sustapenak negozio, produktu berrien garapena edo hiriko sektore estrategikoetako ikerketa lehenetsiko ditu, honako hauei lotutakoak, batez ere: Energia Berriztagarri eta Eraginkortasun Energetikoaren klusterrei, Ikus entzunezko-Digitalari, Bizi Kalitate eta Surferako Laguntza Irtenbideei tokiko I+G+Bko hainbat eragileren laguntzarekin.

Berrikuntza Sozialari lotutako proiektuei ere laguntza emango zaie, bai eta ezagutza Donostiako sare ekonomiko eta ekintzailera zabaltzen eta bertara eramaten dutenei ere.

Ekimen hori 2014ko Donostiako Ekonomia Suspertzeko Planak jasotako laguntza sortaren barnean sartzen da, 30 urtetik beherako gazteentzat direnak bereziki. Haien artean daude, Talentu Berritzaileaz gain, atzerrian ordaindutako praktiketarako Nazioartekotze Bekak edo oinarri teknologikoko Ekintzailetza Programa.

Laguntza horiek Gipuzkoa Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Saileko enpleguaren dinamizazio endogenorako programak ere finantzatuko ditu.