Talentuaren kudeaketa eta mugikortasunari buruz EHUk antolatutako lehenengo udako ikastaroa inauguratu da Bilbon

Bilbon inauguratu den EHUko udako ikastaroaren inaugurazioko momentu bat
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 5 septiembre 2011 15:46

BILBO, 5 Sep. (EUROPA PRESS) -

Talentuaren kudeaketa eta mugikortasunari buruz Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatu duen udako ikastaroaren inaugurazio-ekitaldia egin da gaur Bizkaia Aretoan, Bilbon. Bizkaiko Foru Aldundiarekin, bizkaia:xede sozietatearekin, enpresa liderrekin eta unibertsitateekin eratuta, kualifikazio handiko profesionalak erakartzea eta berton finkatzea da ikastaroaren asmoa. Udako ikastaro hau irailaren 5, 6 eta 7an emango da, eta garrantzi berezia hartzen du EHUk lehenengo aldiz ekarri duelako Donostiatik Bilbora bere udako ikastaroetako bat.

Ikastaroa inauguratzeko ekitaldian EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak azpimarratu du giza kapitalak testuinguru ekonomiko eta sozial berrian duen garrantzia, talentuaren erakarpen eta mugikortasunerako politika inplementatzearen beharra nabarmentzeaz batera. Halaber, goraipatu du EHUk "ekarpen erabakigarria" egin duela Euskadik kalitatezko ingurune eta azpiegitura zientifikoak izan ditzan, kualifikazio handiko ikertzaileak erakarri ahal izateko.

Horren ostean, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saileko diputatu Imanol Pradalesek Bizkaiak talentuaren alde egindako apustu estrategikoa aurkeztu du, krisi ekonomikoa gainditzeko eta enpleguaren sorrera bultzatzeko funtsezko estrategiatzat hartuta. Apustu estrategiko horren oinarria da enpresa, profesional eta gazteekiko konpromiso aktiboa, talentua erakartzeko eta berton iraunarazteko Bizkaiak duen ahalmen osoa aprobetxatu eta garatzeko xedez.

Inaugurazio-ekitaldian eta aurkezpen publikoan beste partaide hauek ere izan dira: EHUko Udako Ikastaroen zuzendari Jose Luis de la Cuesta eta EHUko Bizkaiko campusaren errektoreorde Karmelo Garitaonaindia.

NAZIOARTEKO ADITUAK

Udako ikastaro honetan, nazioarteko ospea duten zenbait adituk parte hartuko dute, hala nola Saskia Sassen, Columbia Unibertsitateko (AEB) Pentsaera Globalaren Batzordeko presidenteak; Kian Teik Beh, Singapore Economic Development Board-aren Nazioarteko zuzendariak; Vivek Wadhwa, ekintzailea eta Berkeley, Harvard eta Dukeko unibertsitateetako (AEB) Talentu eta Ekintzailetza irakasleak; Sami Mahroum, INSEADeko (Abu Dabhi) Berrikuntza eta Politika Publikoetarako Zentroaren zuzendari nagusiak eta Andres Solimano Globalizazio eta Garapenerako Nazioarteko Zentroaren (Txile) presidenteak. EHUren aldetik, parte-hartzailea Jaime del Castillo da, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Ekonomia Aplikatuko katedraduna.

Izen handiko aditu horiekin batera, 60tik gora enpresa-zuzendarik, garapen ekonomikorako agentzietako arduradunek eta bertoko unibertsitateek aztergai izango dute talentuaren mugikortasunak zenbait lurraldetako lehiakortasunean duen eragina, Silicon Valleytik Indiara, eta talentua kudeatzeko, erakartzeko eta atxikitzeko estrategia batzuk konpartituko dituzte.

Orobat, ikastaroko parte-hartzaileek lankidetza publiko-pribatuko eredu aurreratuak aztertuko dituzte, talentuaren kudeaketa eta mugikortasunaren alorrean. Ikastaroan egindako gogoeta eta ekarpenak abiapuntutzat hartuta, zenbait konklusio aterako dira talentua gure ingurunera erakartzeko eta berton iraunarazteko.