Tanttakak "El florido pensil - Neskak" estreinatuko du ostegunean Bilboko Arriagan

Obrako aktoreak
TANTTAKA / ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: miércoles, 17 febrero 2016 13:56

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Tanttaka konpainiak "El florido pensil - Neskak" obra estreinatuko du ostegunean, otsailaren 18an, Bilboko Arriaga antzokian, "El florido pensil" lanaren "mutilen bertsioa" estreinatu zenetik 20 urte igaro direnean. Kike Diaz de Radaren moldaketa duen Andres Sopeñaren testua da estreinatuko dena.

   Modu honetan, Tanttakak "berriro irekiko du, 20 urte geroago, eskola nazional katoliko hura, baina oraingoan, ateburuan, 'Niñas' esaten zuen kartela grabatuta zeukan atetik sartzeko". "Bertatik sartzen ziren neskak ikastetxera, ama jasankorraren eta emazte eztiaren ezinbesteko etorkizunerako prestatzeko", azaldu dute obraren aurkezpenean.

   Ostegunean euskaraz estreinbatuko da lana, eta bi emanaldi izango dira, 11:00etan eta 20:00etan. Ostiralean, otsailaren 19an, gaztelaniazko bertsioa estreinatuko da, 20:00etatik aurrera, eta larunbatean, hilaren 20an, berriro ikusi ahal izango da ordu berean (20:00) eta igandean, 21ean, 19:00etan.

   Fernando Bernuesen eta Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, "ironiaz betetako egungo begiradatik", Loli Astorekak, Gurutze Beitiak, Teresa Calok, Elena Iruretak eta Itziar Lazkanok "irakasle sutsu eta koipelustre haien esku utzitako hezkuntza sistema haren biktima izan ziren neskak interpretatuko dituzte".

   Neskek era bikoitzean jasan zuten hezkuntza eza hori, ikasle gisa alde batetik, eta emakume bezala bestetik, eskolak ahalegina egin zuelako haiekin "etxeko andre produkzioa industrializatzeko", Labores edo Hogar bezalako ikasgaien bitartez. "El florido pensil - Neskak" lanak, hezkuntza sistema haren eta eskola frankista hartan gertatzen zenaren "ikuspegi dibertigarria, askatzailea eta garaikidea eskaintzen du", era bikainean definituta Edi Naudoren eszenografian. Aipamen berezia merezi dute ikusi eta berehala aspaldiko garai haiek gogora ekartzen dituzten Ana Turrillasen jantziek ere.

ARGUMENTUA

   "El florido pensil - Neskak" lanak gerra osteko Espainiako hezkuntza sistemaren krudeltasun zentzugabea jasaten duten bost neskatoren egunerokoa kontatzen du. Eskola orduko gizartearen eta horren ideologia menderatzailearen isla zen. Ideologia horrek Erdi Aroko patriarkaturik sakonena berreskuratu eta azken ondorioetaraino ezartzea erabaki zuen.

   Emakumeak izan ziren ekintza moralizatzaile horren helburu, ezkontzea eta etxeko lanak egitea baitzen beren berezko bidea, eta ibilbide profesionala, aldiz, familia osatzea eta seme-alabak edukitzea.  Horretan bat zetozen ia guztiak, emakumeak zein gizonak: maistra, apaiza, gurasoak, moralistak, kupletistak, eleberri arrosen idazleak, baita gimnasia irakasleak ere. Eszena guztietan ikusiko da, batzuetan argi, besteetan itzulinguru korapilatsuen bidez, bi emakume mota baino ez zeudela: zintzoak eta besteak.

   Sarrerak salgai daude, 7 eta 18 euro artean, www.teatroarriaga.com webgunean, 946 850 850 telefonoaren bitartez eta Arriaga antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.