Tartean Teatroa taldeak "Pankreas" obra estreinatuko du Bilboko Arriaga Antzokian

Foto: GUILLERMO CASAS/TARTEAN TEATROA
Actualizado: viernes, 7 marzo 2014 12:35

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Tartean Teatroa konpainiak Patxo Telleriak bertsotan idatzitako "Pankreas" komedia estreinatuko du Bilboko Arriaga Antzokian martxoaren 12an eta 13an. Mikel Martinezek, Joseba Apaolazak eta Patxo Telleriak berak interpretatzen dute Jokin Oregik zuzentzen eta Tartean Teatroa taldeak ekoizten duen obra.

   Taldeko arduradunek azaldu dutenez, "Pankreas" obrak hiru lagunen istorioak kontatzen ditu. Lehenak pankrea trasplante baten premia larria dauka; bigarrenak bere buruaz beste egiteko asmoa dauka hemendik urte batera, heredentziazko Alzehimerrari izkin egiteko; eta hirugarrenak proposamen bat egingo dio bigarrenari: suizidioaren epea aurreratzea, lehenengoari bere pankrea emateko.

   Une horretatik aurrera ezusteko gertaerak bata bestearen ondoren igaroko dira, fisika modernoaren axioma bati men eginez: gerta daitekeen guztia, denik eta sinesgaitzena bada ere, gertatu egiten da noizbait.

   Horrela ba, "Pankreas" obra martxoaren 12an eta 13an estreinatuko da, 11:00etan eta 20:00etan hasiko diren emanaldietan. 7 eta 16 euro bitarteko prezioan, sarrerak salgai daude Arriaga Antzokiko txarteldegian, www.teatroarriaga.com webgunean eta 946 850 850 telefonoan.