Teresa Albero sopranoa eta Jesus Lopez pianista ariko dira bihar Bilboko Musika Eskolaren Interprete Gazteen Zikloan

Actualizado: miércoles, 16 febrero 2011 14:10

BILBO, 16 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udal Musika Eskolak Musikene ikastegiarekin batera antolatzen duen Interprete Gazteen Zikloko bigarren kontzertua izango da bihar, Teresa Albero sopranoaren eta Jesus Lopez pianistaren parte-hartzearekin. Parisera bidaia bat proposatuko dute hiriburu frantsesean eta garai eta estilo ezberdinetako konposizioetan inspiraturik. Kontzertua BilbaoMusikako auditoriumean izango da, 19:30etan, doako sarrerarekin.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, hiru ataletan banatuko da Voyage a Paris izeneko Teresa Alberok eta Jesus Lopezek osaturiko bikotearen kontzertua, bidaia baten hiru atalak gogora ekarriz. Lehen atala, abiatzea, kantu frantsesaren aita bezala ikusten den Henri Duparc-en obren eskutik izango da. Ibilbidea Gabriel Fabre eta Frederic Chopin-en zenbait obrekin jarraituko dute, Eduard Toldra, Federico Mompou, Manuel de Falla eta Joaquin Turina espainiarren obrekin. Azkenik, Erik Satie eta Francis Poulenc-en obrekin etxerako itzuleraren nostalgia ekarriko dute.

Interprete Gazteen Zikloak hurrengo egunean jarraituko du, otsailaren 18an, Musikalite Brass Quintet boskotearekin, Valeriano Machí Esparza Haize-Metal Lehiaketako azken edizioko irabazlearekin, alegia.

Otsailaren 22an, Jeux D'Anches bikotea osatzen duten Nikola Kerkez eta Marko Sevarlic soinu-jotzaileek Manuel de Fallaren "Serenata andaluza" eta Astor Piazzolaren "Verano porteño" obrak interpretatuko dituzte, besteak beste. Azkenik, otsailaren 25ean, Trio Aurorak (biolina, biola eta txeloa) errepertorio klasiko bat interpretatuko du Beethovenen "Harizko hirukoa" lanetik abiatuz.

Ziklo honek, adinez gazteak izan arren, interpretazioan eta konposizioan musikari dohaina erakutsi duten gazte hauen ibilbidea artistikoa bultzatu nahi du. Izan ere, parte hartuko duten zenbait taldek zenbait lehiaketa irabazi eta hainbat kontzertu eskaini dituzte.