The Flamin' Groovies, Wilko Johnson eta Graham Nash, Donostian udaberrian

Wilko Johnson
DONOSTIA KULTURA
Actualizado: viernes, 19 febrero 2016 13:56

   DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

   Donostia Kulturak musika egitarau anitza antolatu du datorren udaberrirako, eta, besteak beste, The Flamin' Groovies, Wilko Johnson, Graham Nash, John Berkhout, Xoel López, The Bellrays eta Doctor Deseo igaroko dira Gipuzkoako hiriburuko agertoki ezberdinetatik.

   Iragarri diren hamar kontzertuen sarrerak ostiral honetan bertan jarri dira salgai, Victoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko txartel leihatiletan eta donostiakultura.com/sarrerak webgunean, Donostia Kukturak jakinarazi duenez.

   Zehazki, Xoel López "espainiar kanta berriko artistarik adierazgarrienetako eta eragingarrienetakoa" Antzoki Zaharrean izango da apirilaren 3an, bere pop-rock alternatiboarekin eta folk klasikoarekin. "Paramales" azken lanaz, "disko rockeroagoa" egin duela dio berak, baina "rock diskoa izan gabe".

   Apirilaren 7an, The Bellrays eta Luma taldeak arituko dira Intxaurrondo Kultur Etxean. Lisa Kekaula eta Bob Vennum buru dituen talde estatubatuarrak blues, punk, rock eta r&b nahasketa basatia eskainiko du, eta Luma bikote donostiarrak blues rock, garage eta grunge soinuak nahastuko ditu.

   Urtarrilean zendutako Dabid Bowie gogoratuko dute apirilaren 15ean Intxaurrondo Kultur Etxean, "Izar & Star-Man. Bowie Gaua" izeneko emanaldian. Bilbon estreinatu ondoren, taula gainean izango dira Zea Mays, David Jones Fans (Javi P3z & Band) eta Sonic Trash, Bowie*ren klasikoen bertsioak eginez.

   Hurrengo egunean, apirilaren 16an, The Flamin'Groovies & Roy Loney, Bullet Proof Lovers eta The Lookers izango dira Intxaurrondon. San Franciscoko talde klasikoa Roy Loney bere lehen abeslariarekin izangod a Donostian; aurretik, Bullet Proof Lovers donostiarrak eta The Lookers ziburutarrak arituko dira.

   Doctor Deseo talde bilbotarrak hamabosgarren diskoa argitaratuko du martxoaren bukaeran, "Igual y diferente. Una mirada distinta" izenburupean, eta Intxaurrondo Kultur Etxean apirilaren 22an aurkeztuko du.

   Euskal Metal Fest jaialdiak estiloko hainbat nmusika talde batuko ditu Larratxo Kultur Etxean apirilaren 22an eta 23an, besteak beste, Bonfire, Blast Wave, Phoenix Rising, Rozz, Everlevel, Crisix, In Mute, Evil Impulse, Meltdown Oxymoron, Injector eta Killus.

WILKO JOHNSON

   Wilko Johnson Band featuring Norman War Roy & Dylan Howe kontzertua Victoria Eugenia antzokian izango da, apirilaren 28an. Wilko Johnsonek, Dr. Feelgood taldeko kide ohi eta 1970eko hamarkadako britainiar rockaren aitzindarietakoak, "Going Back Home" aurkeztuko du, minbiziaren aurka borrokan ari zela The Who taldeko abeslari Roger Daltreyrekin batera grabatutako diskoa.

   Victoria Eugenia antzokiak "An Evening With Graham Nash" kontzertua eskainiko du ekainaren 12an. Graham Nash, The Hollies rock talde ingeleseko eta Crosby, Stills and Nash hirukoteko musikaria, "This Path Tonight" bakarkako diskoarekin izango da taula gainean.

   Ekain Perezek (ahotsa eta gitarra), Eneko Lusarrek (gitarra eta sintetizadoreak), Gartxot Unsainek (sintetizadoreak), Mikel Alonsok (baxua) eta Iñigo Goñik (bateria) osatzen duten John Berkhout taldeak "Bloo Mind" izeneko bigarren diskoa aurkeztuko du Victoria Eugenian ekainaren 17an.

   Azkenik, ekainaren 24an, Victoria Eugenian, Pink Tones taldea "On The Wing Tour" birarekin helduko da. Pink Floyd mitikoen musika lanari omenaldia da, eta bereziki estudioan grabatu zuten "Animals" hamargarren diskoari, osorik joko baitute.