TICK klubak %60ko deskontuak eskainiko ditu Zineuskadiren zinema-aretoetan

Actualizado: jueves, 21 febrero 2013 12:51

BILBO, 21 Feb. (EUROPA PRESS) -

TICK kulturzaleen klubak akordio bat sinatu du Zineuskadi elkartearekin eta 12 zinema-aretorekin, sarrerak %60 merkeago izan daitezen. TICK txartela nominatiboa da, baina bi pertsonentzako abantaila eta deskontuak dituenez, "pertsona berezi horri zinemara gonbidatzeko une egokia da hau", TICK klubaren arduradunek adierazi dutenez.

Horrela, sarrera erosterakoan deskontuak izango dira hurrengo zinema-areto hauetan: Antiguo Berri (Donostia), Coliseo (Eibar), Florida (Gasteiz), Getxo Zinemak (Getxo), Gurea Antzokia (Villabona), Príncipe (Donostia), Barakaldo Antzokia (Barakaldo), Torrebillela aretoa (Mungia), Torrezabal aretoa (Galdakao), Trueba (Donostia),

Zornotza aretoa (Zornotza) eta Zugaza aretoa (Durango).

Areto hauek TICKen zinema-eskaintzan dagoeneko parte hartzen zuten besteei gehitzen zaizkie, besteak beste, Nestor Basterretxea aretoari (Bermeo), Herriko Antzokiari (Elgoibar), Amurrio Antzokiari (Amurrio) edo Bilboko Fas zine-klubari. TICKekin elkartu berri diren beste gune eta eragileen artean daude Le Bukowski (Donostia), Get In, Bloody Mary, Live Nation, Fina Estampa, Music Bus, Bilboko Euskal Museoa, Valle Salado de Añana eta Durangoko San Agustin Kultur Gunea.

TICK txartela eskuratzen dutenek urte osoan antzerkira, kontzertuetara, zinemara edo operara joateko beherapenak eta eskaintza bereziak dituzte. Txartela nominatiboa da baina bi pertsonentzako abantailak eskuratzea ahalbidetzen du beti, eta biek edukiko dituzte klubak eskaintzen dituen abantaila eta beherapen guztiak.

Bi TICK txartel mota daude: oinarrizko TICK (32 euro urtero) edo TICK (52 euro urtero). Bi txartelen arteko ezberdintasuna da bigarrenak bi hilabetero eskaintza eta abantaila guztiak biltzen dituen aldizkari bat eta ongietorria emateko pack bat (bertan bi sarrera doan daudelarik) dituela.