Tim Schafer, Fun & Serious Game Festival jaialdiaren ohorezko saridun

Tim Schafer
Foto: FUN & SERIOUS GAME FESTIVAL
Actualizado: miércoles, 22 abril 2015 14:15

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Fun & Serious Game Festival bideo jokoen jaialdiak Ohorezko Saria emango dio Tim Schafer bideo jokoen industriako istorio kontalaririk handienari. Jaialdiaren sari banaketa ekitaldiaren galan emango diote saria, azaroaren 30ean, Bilbon, eta bideo jokoen industrian izandako jarduera arrakastatsua nabarmentzeko emango diote.

   Antolakuntzaren arabera, Tim Schaferrek "berrikuntza handiak" egin ditu istorioak kontatzeko moduan eta abentura grafikoetan pertsonaia handiak sortzean. The Monkey Island bildumako Guybrush Threepwood pirata ikastuna edota Grim Fandango pertsonaiak sortu ditu Schaferrek, besteak beste.

   Azaroaren 26tik abenduaren 1era bitartean Bilbon egingo den Fun & Serious Game Festival Europa osoko bideo jokoen jaialdirik handiena da, eta dagoeneko erreferentzia gunea bihurtu da industriaren barruan. Bere eginkizuna da bideo jokoen ekoizle, zuzendari, artista eta garatzaileen lana aintzatestea eta bultzatzea, hitzaldiak, mahai inguruak, networking eta enpresetarako nahiz publikoarentzako jarduerak barne hartzen dituen programa oso baten bidez. Jaialdiaren amaieran sari banaketaren gala esklusiboa egiten da urtero, urteko bideo jokorik onenen sariak banatzeko.

   "Schafer da bere eguneroko lanetan berrikuntzak azkarren erabili dituen pertsonetako bat, eta bikain joan da aplikatuz bere garapen lanetan. Bere gidoiek argumentu konplexuak dituzte eta umorez beterik daude. Hori izan da bere lanetan etengabe nagusitu dena. Gure ustez, hori dela eta, abentura grafikoaren generoak arrakasta handia lortu du", adierazi du Alfonso Gomez Fun & Serious Game Festival jaialdiko zuzendariak.

BIDEO JOKOEN INDUSTRIA

   Ohorezko Sariak bideo jokoen industriako pertsona garrantzitsuen lanen bikaintasuna saritzen du. Industria horrek, 2014. urtean, 75.000 milioi dolar baino gehiagoko diru sarrerak lortu zituen, eta gero eta hurbilago dago zinemaren industriatik, balioespenen arabera, 2014. urtean 90.000 milioi dolar irabazi baitzituen. Ohorezko Saria Fun & Serious sarien banaketaren galan emango da, jaialdiaren ekitaldi nagusian, hain zuzen, urteko bideo jokorik onenen sariak ere banatuko baitira.

   Diseinuaren esparruan egindako lanak eta izandako sormenaz gain, Fun & Serious Game Festivalek Tim Schaferrek ekintzaile moduan egindako ekarpenak ere nabarmendu ditu. Lucas Arts estudio ospetsuetan jarduera arrakastatsua izanda, bideo jokoak garatzen dituen bere estudioa sortzea erabaki zuen: Double Fine.

   "Guretzat ohore handia da Tim Fun & Serious sarien galan egotea, eta ziur gaude hau hasiera baino ez dela. Aurten Fun & Serious Game Festival jaialdiaren bosgarren edizioa dugu, eta oso jaialdi berezia prestatzen ari gara, sorpresa askorekin", esan du.